Aita Santuaren koadroa, Lekeitiotik Vatikanora
Ibon Perez kazetariak Aita Santuaren margolana Vatikanora eramango zuela agindu zion Alberto Lopez Brasaola lagunari; datorren astean bete ahalko du emandako hitza.
- Gaur nire lagun Brasaola joan da, 84 urteko margolari amateurra. Koadro hau Frantzisko aita santuari eramango niola agindu nion. Egoitza Santuari eta aita santuaren idazkariari idatzi nien, baina ez zidaten inoiz erantzun. Birtxiokatu Vatikanora heldu dadin. Mirarietan sinesten dut oraindik.
Mezu hori txiokatu zuen Ibon Perez kazetari lekeitiarrak, laguntza eske, martxoaren 10ean, eta eskaerak erantzuna eduki du. Maiatzaren 25ean Vatikanora joango dira Perez bera eta Alberto Lopez Brasaolaren familia. Aita Santuagaz audientzia lortu dute, eta horrela bere lagun eta senidearen nahia bete ahal izango dute.
Perezen lehengusuaren emaztearen aita zen Brasaola, eta bere tailerrera joaten zen kazetaria. Behin, haren estudioan zegoela, harrituta geratu zen hark margotutako aita santuaren koadroa ikusi zuenean. «Niretzako hori da egin dituen erretratuetatik onena», dio.
Omenaldi modura margotu zion koadroa. Frantzizko aita santuak iragartzen du bere aitasantutza laburra izango dela, irakurri zuen pintoreak txutxu-mutxuen aldizkari batean, eta gustatu egin zitzaion. «Adin berekoak ziren. Aita santuak 85 urte ditu, eta Albertok ere aurten beteko zituen. Justu 36ko gerran jaio zen, kontatzen du Perezek.
Tere Goienetxeagaz ezkondu eta hiru alaba izan zituzten: Tere Lopez Goienetxea, nagusia, Izaskun Lopez Goienetxea, erdikoa, eta Olatz Lopez Goienetxea, gazteena. Perezek dioenez, Izaskun Lopez ere harrituta geratu zen koadro horregaz: «Lehenengo begiak ikusi zizkion eta gero, osotasunean ikusi zuenean, ezusteko atsegina eraman zuen».
Aita santua elkarrizketatu eta koadroa opari modura eramango ziola agindu zion Perezek. Une hartan, komunikabide bategaz kolaboratzen zuen eta, haren bidez, aita santuarengana iristea espero zuen. Gaur egun ez du hedabide haregaz kolaboratzen, baina bere helburua lortu du, Vatikanora koadroagaz joan ahal izatea.
Lehenengo ahalegina. Agindutakoa bete asmoz, orain dela bi urte Uruguaira deitu zuen kazetari lekeitiarrak, Montevideora. Izan ere, aita santuaren idazkaria bertakoa da. Haregaz zuzenean komunikatu ahal izateko posta elektronikoa lortu zuen, eta idatzi egin zion, baina ez zuen erantzunik jaso. Baina, aurten, Brasaola hil denean, gaia berraktibatu du. Emandako hitza bete ez izanak samina eragin zion, eta orduan idatzi zuen aipatutako txioa.
Perezek espero baino erantzun handiagoa izan zuen mezuak; birala bihurtu zen, eta hainbat korrespontsal jarri ziren kontaktuan kazetariagaz, euretako bat Eva Fernandez, COPEren korrespontsala Italian. «Helbide elektroniko bat eman zidan Vatikanoko prentsa buruari idazteko, eta idatzi nionean, lagundu egingo zidala esan zidan. Antza, nagusi baten eta gazte baten arteko erlazio hori gustatu zaie, ez bakarrik koadroa, baizik eta Albertogaz neukan harremana ere bai».
Lau gutun bidali ditu, eskuz idatzita; bi erantzun dizkiote eta beste baten erantzunaren zain dago, baina jada audientzia eguna baieztatu diote.
Ezustekoa. Aitak eman zion berri ona gimnasiotik etxera heldu zenean. «Kamera bat jarri zuen etxeko sarreran nire erreakzioa grabatzeko. Gutunak ematen joan zitzaidan, eta Vatikanokoa heldu zenean, emozioaren emozioagaz gutunaren zigilua ere apurtu egin nuen».
Martitzenean [maiatzak 24] doaz Erromara, eta eguazten [maiatzak 25] goizean daukate audientzia. Bidaia familiak ordaindu du, eta lau joango dira: Ibon Perez bera, Tere Goienetxea Brasaolaren alarguna, Izaskun Lopez Goienetxea alaba eta haren senar eta Perezen lehengusu Joseba Salinas Eskurtza.
Ez dira esku hutsik joango; koadroagaz gainera, Argentinako gozo batzuk ere eramango dizkiote aita santuari: maizena alfajorrak. Lekeitioko kazetariak gogora ekarri modura, maiatzaren 25a jai eguna da Argentinan; Aberri Eguna ospatzen dute. Hori dela eta, gozo batzuk eramatea pentsatu du, eta Atean taberna bat zabaldu duen argentinar batek egingo dizkio.
Batez ere, «Albertogatik eta bere emazteagatik» egiten duela guztia aitortu du Perezek. «Emaztea kristaua da, oso sinestuna, 81 urte ditu, eta hegazkinean bidaiatuko duen lehenengo aldia izango da».
Vatikanotik 900 metrora hartuko dute ostatu, eta audientziarako sarrerak leihatila batean hartu beharko dituzte.
Koadroa, Italian. Aita santuaren koadroa Italian dago jada. Hegazkinez bidali dute, eta EFEren egoitzan egongo da Perez eta Brasaolaren senideak bila joan arte.
Azaldu dutenez, espero baino zailagoa izan da koadroa bidaltzea. Espainiako Biblioteka Nazionalagaz eta baita Prado museoagaz ere lan egiten duen bere lagun Ilka Zabalak lagundu dio. Koadroa Iruñeara eraman zuten, Zabalaren laguntzagaz paketatzeko, eta Iruñetik Lekeitiora berriro. «Correosekoak ez dira ausartu koadroa bidaltzen eta Seurrekoak ere ez. Hegazkinez bidali dugu azkenean, bidai zerbitzu baten bidez». Koadroa galtzen bada, behintzat aita santuaren agurra edukiko dutela dio Perezek, eta lehengusinari esaten dio txantxetan: «Izaskun, koadroa galtzen bada, bertan egingo dugu Ecce Homo bat boligrafoagaz margotuta paper batean. Orduan bai izango da ospetsua koadroa».
Perezek uste zuen maitasunagatik joango zela Erromara. Duela urte batzuk, Italiako hiriburura bidaiatzeko asmoa zuen, orduko bikotekideagaz. Baina ezinezkoa izan zen eta, gainera, pandemiagatik harremana utzi egin zuten. Eta, azkenean ere, maitasunak eramango du bertara, Albertorenganako maitasunak.