Markina-Xemeingo Karmen jaietako kartel lehiaketa martxan dago
Bi maila bereizi ditu udalak eta lanak aurkezteko epea ekainaren 8an amaituko da.
Markina-Xemeingo Udala pixkanaka 2022ko Karmen jaiak antolatzen hasi da, lehen pausua jaiak irudikatuko dituen kartela da, eta hau aukeratzeko lehiaketa. Lanak aurkezteko epea dagoeneko zabalik dago eta ekainaren 8an amaituko da 14:30ean. Aurten bi leku zabaldu dituzte kartelak aurkeztu ahal izateko. Batetik, udaletxeko Berton bulegoan, astelehenetik barikura 08:15etik 14:30era. Bestetik, Uhagon Kulturgunean martitzen eta eguaztenetan 10:00etatik 13:30era eta 15:30etik 19:00etara.
Lehiaketa bi mailatan banatu dute eta bakoitzeko irabazleak sari bakar bat jasoko du, 200 eurokoa, 16 urtetik gorakoak eta 16 urtetik beherakoak. Epaimahaia udaleko ordezkariez osatuta egongo da eta kartel onenaren erabakia ekainean jakinarazi dute. Sari banaketari dagokionez, Karmen jaietako egitaraua zehazten dutenean jarriko dute ekitaldiaren eguna eta ordua.
Kartel lehiaketako oinarriak www.markina-xemein.eus webgunean daude parte hartu nahi dutenentzat. Edozeinek aurkeztu ditzazke lanak, taldeka zein bakarka, baina egile bakoitzak gehienez hiru kartel aurkeztu ahal ditu. Lanak jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan beharko dira eta bakoitzak bere titulua eraman beharko du. Parte hartzeko baldintza bakarra dago, “KARMEN JAIAK 2022 Markina-Xemein” testua agertzea.
Hala ere, parte hartzeko badaude kontuan hartu beharreko zenbait aspektu daude, genero ikuspegitik batez ere. Ez dituzte irudi edo hizkuntza sexistarik onartuko, karteletan sexuen arteko oreka islatu beharko da, ez dituzte emakumeen eta gizonezkoen rol estereotipatuetan oinarrituriko aurre-juzgu, jarduera, esaera eta irudiak onartuko. Azkenik, ez dituzte hartuko norbanakoen osotasuna laidotzen duten lanak, ezta homofobia edo xenofobia sustatzen dituztenak ere.
Lanak egilearen izenik gabe aurkeztuko beharko dira, formatu fisikoan, euskarri gogorrean edo paperean, edo digitalean, JPG edo Photoshopean. Teknikari dagokionez, librea izango da, epaimahaiak edozein teknika onartuko du. Hori bai, diseinua bertikala izan beharko da eta A3 tamainan.