Amaitu da Berrituko XXXIV. San Gregorio txapelketa
Infantil, kadete, gazte, senior eta elite-profesional mailako partiduak jokatu dituzte, zapatuan. Antolatzaileak asebeteta agertu dira pilotalekuan egondako giroagaz eta partiduen mailagaz.
Zapatuan, 16:30ean, XXXIV. San Gregorio Txapelketako zesta puntako finalak jokatu zituzten, Berrituko pilotalekuan. Lehiaketa hori, gainera, XIII. Felix Aldazabal memoriala izan zen. Hainbat kategoriatako puntistak zein baino zein gehiago ibili ziren, eta, txapelketako antolatzaileek azaldutakoaren arabera, “giro aparta” izan zen: “Ikusleak aseta atera ziren frontoitik, oso pozik”.
Infantil mailan, Lekue III. eta Goikoetxea Uribesalgoren eta Argoitia II.aren kontra aritu ziren, eta 30-28 irabazi zuten. Bigarren norgehiagoka kadete mailakoa izan zen; lehia estuaren ostean, Jokin eta Xuban 30-29 gailendu zitzaizkien Martin eta Lakiri. Gazte kategorian, Arakis eta Ametsek Arrasate eta Txominen aurka jokatu zuten, 22-30 amaituta. Seniorretan, Alex eta Txomin nagusi izan ziren EƱaut eta Atainen kontra: 30-20. Azkenik, elite-profesional mailako partidua izan zen; horrek ere patroi argia jarraitu zuen, eta Ithurria eta Manzi nahieran aritu ziren Antxon eta Lekuren aurka: 30-16.