Ibai Arantzamendi: "Ederra da Uni, esku pilotaren tenplua, boxeoagaz profanatzea"
Ibai Arantzamendi boxeolari markina-xemeindarrak bere kirol ibilbideko azkenengo borrokaldia egingo du zapatuan, etxekoen aurrean.
Ibai Arantzamendi boxeolari markina-xemeindarra azkenengoz igoko da ringera zapatuan Markina-Xemeingo Uni frontoian egingo den boxeo jaialdian. 19:00etan hasita, Arantzamendik Mateo, Irati Ruiz eta Ivan Vigogaz borrokatuko du. Hiru boxeolari horiek ezagun ditu, baina ez, ostera, aurkariak.
Arantzamendik adierazi duenaren arabera, “horrelako ikuskizunetan, ez dituzte aurkariak aurreratzen; modu horretan, prestakuntza ez da moldatzen arerioaren arabera eta, ondorioz, zentzu guztietan dena ematera eta prest egotera behartuta zaude”. Markina-xemeindarrak aurreratu du bere aurkaria LogroƱokoa izango dela, baina ez duela ezagutzen. Aurkari ezezaguna izanik, “indargune denak” baliatu beharko ditu Arantzamendik: “Lehen roundean indarra eta distantzia luzeak erabiliko ditut, eta, behin lehen txanpa amaituta, estrategia zehaztuko dut”.
“Boxeoaren mundua zeharo prekarioa eta sakrifikatua da”
Sasoi puntu bikainean” iritsiko da Markina-Xemeingoa zapatuko zitara: “Indarra, esplosibitatea eta abiadura landu ditut; fisikoki sendo nago”. Hortaz, motibatuta eta segurtasunez” ariko da. Gainera, etxekoen aurrean izango da: “Ederra da Uni frontoia, pilotaren tenplua, boxeoagaz profanatzea”. Arantzamendik goi-mailako lehia uztea erabaki du. “Boxeoaren mundua zeharo prekarioa eta sakrifikatua da; prestatzailea, dietista edota terapeuta norberak ordaindu behar ditu, bidaietako gasolinaz gain”, azaldu du.
Lejarraga, erreferente gisa. Gustuko boxeolariez galdetuta, Kerman Lejarraga eta Oleksandr Usyk ukrainarra ditu ahotan. Morgako errebolberrak barikuan James Metcalfen kontra izandako borroka ere ikusi zuen Arantzamendik: “Zenbaitek kontrakoa esan arren, Kerman bikain aritu zen; borroka oso berdindua izan zen, eta Metcalfen mailak harritu ninduen gehien”.