Markina-Xemeingo EH Bildu Zapola eta Aristiederreko herri basoetan, ingurumen jardunaldien barruan
Domekan [maiatzak 22] 10:00etan Urregaraiko zelaitik irten ziren Errez Kooperatibakoen eskutik
Markina-Xemeingo EH Bilduk ingurumen jardunaldietako lehen bi ekimenak osatu ditu dagoeneko. Eguenean [maiatzak 19], ERREZ Kooperatibako kideek basogintza izan zuten hizpide ‘Garai berriak, aukera berriak’ hitzaldian.
Domekan [maiatzak 22], berriz, ikasitako teoriaren alde praktikoa garatu ziztuzten kooperatibako kideek Zapola eta Aristiederreko herri basoetara bisita gidatua egin zuten. 10:00etan irten ziren Urregaraiko zelaitik eta goiz osoan ERREZ kooperatibakoek basogintzaren inguruko proposamenak aurkeztu eta landu zituzten.
“Bisita oso interesgarria izan da, basogintza irregularra lortzeo bidean jarraitu beharreko pausu eta pistez jardun genuen”, adierazi dute EH Bilduko ordezkariek.
Ekainean beste bi ekimen dituzte. Ekainaren 2an 18:30ean, kultur aretoan, mahai ingurua antolatu dute, non energia komunitateen ezagutza eta herriko energia plan berriaren azterketa egingo duten. Ekainaren 5ean, ingurumenaren nazioarteko egunean, 11:00etatik aurrera kiroldegi aurrean, erreka garbitzeko auzolanean parte hartzeko deia luzatu dute.