Ondarroako urtekaria asteon egongo da eskuragarri
Arteta baserria, Kofradia Zaharra, Aurrera eta Aitta Eternoari buruzko zeresanak, aurtengo alearen osatzen duten artikuluetako batzuk dira. Guzti hori eta askoz gehiago dakar, Ondarroaren historia biltzen duen urtekariak.
Ondarroako Historia Zaleak elkartearen eskutik eta Ondarroako Udalaren babesagaz, Ondarroa 2021 urtekaria eskuragarri egongo da asteon. Urtero legez, hainbat gai eta argazki jaso dituzte urtekarian. Tartean, azken urteetako urtekarietan egin duten bezala, Imanol Oruemazaga Basetak utzitako “altxorra”, hain zuzen ere, berak osatutako artxibo historikoaren beste zati bat argitaratu dute.
Herriko gertakari kultural nagusiak jasotzen dituen Ondarroa, Euskal kulturaren kabia atalean Gorka Aulestia Txakartegiri izan dute gogoan. Ohi bezala, herriko ondare artistikoari ere errepasoa egin diote, Aitta Eternoan dagoen irudiari buruzko erreportajea. Urtero portuko jarduerei buruzko artikulu bat ere jasotzen dute urtekarian, eta aurten txalupekin lotutako zereginak jasoko dituzte. Betiko legez, gainera, herriko baserrietako historia ere agertzen da. Aurten Arteta baserriari buruzko kontuak jaso dituzte, Loren Arkotxa Meabebazterretxearekin berbetan. Aurrera Kirol Elkarteari buruzko kontuak ere badakar urtekariak, 100 urte bete dituela bide hartuta.
Irakurleak urtekarian urtero agertzen diren beste hainbat atal ere aurkituko ditu. Besteak beste, orain 100 urte jaiotako jendearen zerrenda edo argazki zaharrekin osatutako otzara. Hori eta askoz gehiago jaso dituzte OHZko kideek 140 orrialdetan. Denetara, 700 ale jarriko dituzten saltzen herriko prentsa salmenta puntuetan, liburu dendetan eta turismo bulegoan. 6 euroren truke, honako tokietan erosi ahal izango da argitalpen berria: Garoan, Idiakezen, Kuriken, turismo bulegoan eta Zurrumurrun.
Batzarra
Pandemia egoera dela eta, taldeak gorabeherak izan dituela aipatu dute taldekideek, eta horren arira batzarra deituko dute urtekaria prestatzen egon den jendeagaz, aurrera begira zer egin pentsatzeko, hala nola, formatua mantendu behar duten edo zeintzuk diren hartu beharreko erabakiak.