Udai Zelaia markina-xemeindarra garaile Aretxabaletako jaurtialdian
51. Gipuzkoako Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketan parte hartzen ari da Zelaia Lasturreko taldearen baitan.
Lasturreko taldeagaz jokatzen ari den Udai Zelaia markina-xemeindarrak irabazi zuen joan den zapatuan [maiatzak 21] Aretxabaletako bolatokian jokatu zen 51. Gipuzkoako Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketako jaurtialdia. Lehia bizia egon zen txapelketako zortzigarren jaurtialdian; sei txirlogaz berdinduta amaitu zuten lehenengo sei bolariek, baina garaipena, Zelaiarentzat izan zen. Guztira 58 bolarik parte hartu zuten norgehiagokan.
Txirlotan berdinduta geratu ziren Zelaiaren ondoren, Gartzi Gorosabel Udalakoa, Kepa Rodriguez Asola Berrikoa, Jose Muñoz Floreagakoa, Jesus Mari Gorosabel Udalakoa, Juan Bengoa Udalakoa.
Bi urtez geldirik egon eta gero, martxoaren 26an abiarazi zuten 51. Gipuzkoako Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketa Elgoibarko Aiastia auzoan dagoen San Migel bolatokian. Zortzi jaurtialdi jokatu dira dagoeneko. Bederatzigarren jaurtialdia zapatuan [maiatzak 28] lehiatuko da Bergarako San Joxepe bolatokian, 17:00etatik aurrera, eta finalak Azkoitiko Floreaga auzoan jokatuko dituzte, ekainaren 4an. Lehendakari Saria, berriz, Soraluzen lehiatuko dute ekainaren 11n.