Zabalik dago XAT-ek antolatutako Akanpadarako izen ematea
Maiatzaren 27ra arte egongo da izena emateko aukera zabalik. Etxarri Aranatzen izango da aurtengo Akanpadie.
XAT-ek antolatuta, uztailaren 31tik abuztuaren 14ra egingo den akanpadarako izen ematea zabalik dago. Aurten Etxarri Aranatzen egingo da Akanpadie, eta bertan parte hartu nahi duten 9-18 urte bitarteko ume eta gazteek maiatzaren 27ra arte edukiko dute izena emateko epea zabalik.
Informazioa eta izen-emate orriak Markina-Xemeingo Udalaren webgunean daude eskura, eta bete ondoren udaletxean edo Herri Bibliotekan entregatu ahalko dira. Izen emate orriagaz gainera, akanpadara joango den gaztearen Osakidetzako txartelaren kopia, adin nagusiko ordezkari baten NA kopia eta NA daukaten gazteen kopia entregatu behar dira.
Ordea, ohartarazi dutenez, oraingoz ez da ordainketa agiririk aurkeztu beharko. Azaldu dutenez, plaza kopuru mugatua egongo da, eta informazio orrietan ordain agiria aurkeztu behar dela badio ere, Akanpadara joango diren gazteak erabakita daudenean egin beharko da ordainketa. Zehaztu dutenez, zozketa bidez erabakiko dira nortzuk joango diren.
Ume eta gazte guztiak animatu dituzte XAT-ekoek akanpadan parte hartzera. “Proiektu zoragarri baten parte sentitu nahi baduzu. Jolastu amestu, sortu eta batez ere gozatu nahi baduzu, etorri kanpamenture!”. XAT-ekoekin harremanetan jartzeko xemeinat@gmail.com posta elektronikora idatzi behar da.