Ziortza-Bolibarren egin dute Errigorako produktuen banaketa
Abade-etxe ondoko aparkalekuan jarri zuten banaketa mahaia joan den eguenean [maiatzak 19]. Aurtengo emaitzekin "oso pozik" agertu dira egitasmoari laguntzen dioten Ziortza-Bolibarko boluntarioak.
Errigorako produktuak banatzen ari dira egunotan herriz herri. Ziortza-Bolibarren esate baterako joan den eguenean [maiatzak 19] egin zuten banaketa. Produktuak jaso eta horiekin egindako kopaua ere eduki zuten herritarrek musikagaz lagunduta.
“Oso pozik” agertu dira aurtengo emaitzekin Ziortza-Bolibarren Errigorako produktuen eskaria eta banaketa egiten laguntzen duten boluntarioak. Jakitera eman dutenez, aurten 5.682 eurotara heldu da Ziortza-Bolibarko herritarrek Errigorako egitasmoari egindako ekarpena. “Igoera handia izan da; iaz 4.876 eurokoa izan zen ekarpena”, azpimarratu dute. Guztira, 25 izan dira aurtengo kontsumitzaileak.
Hori dela eta, esker ona adierazi nahi izan diete egitasmoagaz bat egin duten herritar guztiei, eta proiektu hori babesteak zer suposatzen duen azpimarratu dute: “Eskerrak ematen diegu kalitatezko produktu horiek erosita ekoizleen enpresetan euskara planak sustatzen laguntzearren, produktuen etiketatua euskaratzea bultzatzearren, Euskal Herrian lanpostu duinak sortzeari bidea ematearren, Euskal Herriko ekonomia zirkularra hauspotzearren eta balio erantsia duen erosketa kontzientziarekin egitearren”.
Balio erantsia duten erosketak egiterakoan “denek” irabazten dutela gogoratu dute, bai ekoizleak zein erosleek, eta beraz, bide horretatik jarraitzera animatu dituzte herritarrak: “Segi dezagun ibiltzen hankak lurrean ditugula”.
[📸 ARGAZKIAK: Iratxe Lariz Bustindui]