Berriatuko 40. Aitxekutz sariak Euskal Herriko junior Txapelketako hirugarren proba hartuko du
21. Juan Luis ‘Kanterape’ memoriala izango da lasterketa eta domekan [maiatzak 29] 15:30ean abiatuko da.
Berriatuko Txirrindulari Elkarteak antolatuko du Euskal Herriko junior Txapelketako hirugarren lasterketa. Domekan [maiatzak 29] lehiatuko da 40. Aitxekutz saria, Berriatuan hasiko da, baina bere ibilbidean Lea-Artibai eskualdeko hainbat herri zeharkatuko ditu.
142 parte hartzailek izena eman dute eta oraindik izen emate epea zabalik dago. Txirrindulariek 103 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Gogorra izango da oso ibilbidea eskualdeko errepideek arnasa hartzeko bazter gutxi uzten dituelako. 15:30ean irtengo dira Berriatutik eta lehendabizi Ondarrora doan bidea hartuko dute, ostean Lekeition sartuko dira eta, besteak beste, hirugarren mailako Milloiko ganetik bi igaroaldi egin beharko ditu tropelak. Ibilbidearen azken zatian, berriz, bigarren mailako Mendexako eta Asterrikako igoerak batu dituzte antolatzaileek, zalantzarik gabe azken bi muino horietan erabakiko da irabazlea.
Iaz Haimar Etxebarriak lortu zuen garaipena, bigarren eta hirugarren izan ziren hurrenez hurren Xabier Aransolo eta Galder Bengoetxea. Eskualdeko lehenengoaren saria Aurrera Txirrindulari Elkarteko Mikel Arrasate lekeitiarrak irabazi zuen.
Euskal Herriko junior Txapelketako sailkapenaren gorenean berdinduta daude 25 puntugaz Unax Olano eta Aimar Madina eta hirugarren dago Iñaki Ordoki.
Antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkiete bidegurutzuetan eta oro har lasterketan laguntzaile lanetan arituko direnei.