Besarkada solidarioa teknikaren bidez lapurretak egiten ari dira Markina-Xemeinen, Ondarroan eta Lekeition
Ertzaintzak hainbat kasu antzeman ditu azkenaldian eta zenbait ohar eta gomendio zabaldu ditu
Azken egunetan hainbat lapurreta eta lapurreta saiakera egon dira Ondarroan, Lekeition eta Markina-Xemeinen. Azken honetan, udalak ohar mezu bat zabaldu du eta guzti. Ertzaintzak jakinarazi duenez, besarkada solidarioa izeneko lapurreta metodoaren bidez ematen ari dira lapurretak.
Teknika honekin lapurra biktimarengana hurbiltzen saiatzen da, besarkadak emanez eta eskuak hartuz, batez ere. Edozein aitzakia erabiltzen dute hurbiltzeko, familiako ezaguna dela esanez, herriko informazio bila dagoela edo aspaldiko lagun bat dela aipatuz, esate baterako. Behin lapurreta eginda gunetik arin alde egiten dute eta inguruan zain duten ibilgailuan egiten dute ihes.
Ertzaintzaren arabera, hein handi batean emakumeek erabiltzen dute metodo hau. Helburua da urrezko bitxiak ostutzea, izan belarritakoak, pultserak edo erlojuak, baita diru-zorroak ere. “Adin nagusiko pertsonak” bilatzen dituzte eta horrenbestez, adin multzo hauek “gehien bisitatzen” dituzten lekuetan ematen dira lapurretak: Supermerkatuak, parkeak, elizen inguruak eta nagusien etxe inguruak batez ere.
Gomendioak. Besarkada solidario bidezko lapurretak ekiditeko Ertzaintzak hainbat gomendio zabaldu ditu. “Garrantzitsua da gure adinekoei argi uztea ez direla ezagutzen ez dituzten pertsonetaz fidatu behar, nahiz eta modu maitekor batean hurbildu, kontaktua fisikoa bilatzen, besarkadak emanez edo eskuak eutsiz”, adierazi dute.
Horrez gain, gomendatu dute kalean bitxiak agerian ez eramatea, “are gutxiago egunero edo balio handikoak badira”. Era berean, ezezagunekin “inolako kontakturik ez edukitzeko” mezua luzatu dute eta horrelakorik izatekotan betiere distantzia bat mantentzea, inolako hurbiltasun fisikorik gabe. Hau da, ez fidatzeko ezagutzen ez diren pertsonengandik datozen hurreratzeak. Azkenik, kaleetatik bakarrik ez joateko gomendioa egin dute: “Batez ere diru kontuak egitera joaterakoan, o aukerarik onena familiako kideren baten eta konfiantzazko lagunen batean laguntza izatea”.
Besarkada solidario metodoaren zantzuren bat antzeman gero 94-683 27 00 telefonoa dago eskuragarri. “Herritarren laguntza funtsezkoa da lapurrak harrapatzeko, oso garrantzitsua da edozein informazio eman ahal izatea”, azpimarratu dute.