Ion Ibarluzea Mexiko Betway Jai Alai txapelketako finalean sartu da
Atzelari markina-xemeindarrak gaur [maiatzak 25] jokatuko du Ladutxegaz Jon Tanborindegi eta Pepe Perezen aurka
Handia egin du Ion Ibarluzeak, eta Mexikoko bere lehen txapelketan finalean sartu da. Multzokako faseko hiru partidak irabazi ditu atzelariak Ladutxe bikoteagaz batera eta finalerako txartela eskuratu dute. Gaur [maiatzak 25], goizaldeko 04:00etan Euskal Herrian, jokatuko dute finala Jon Tanborindegi eta Pepe Perezen aurka.
Gazte markina-xemeindarrak maila altua erakutsi du Mexikon eta partidarik galdu gabe heldu da finalera. Lehen jardunaldian Zulaika eta Elizalde faboritoak 30-20 hartu zituzten mendean, Elizalderen hankako lesioak baldintzatu zuen partidan. Bigarrenenean lehia askoz berdinduagoa izan zen, baina garaipena erdietsi zuten Aaron eta Inzaren aurka, 30-26. Multzoko lehen postuagaz eta finalerako txartelagaz jokoan, atzo [maiatzak 24] Ladutxek eta Ibarluzeak 30-29 irabazi zieten partida ezin estuago batean Iturbide eta Bailori.
Finala baino lehen beste markina-xemeindar batek jokatuko du, Jokin Arbek, hain zuzen ere. Aurrelaria finalerako tanto bakarrera geratu da, bigarren jardunaldian A multzoan liderrak izan diren Tanbo eta Perezen aurka 29-30 galdu baitzuten. Beste bi jardunaldietan garaile irten da markina-xemeindarra. Arbek eta Labordek Iturbide eta Bailo izango dituzte aurkari gaurko hirugarren eta laugarren posturako partidan.