Hamaika musika taldek joko dute Etxebarriko Elizpe Rock jaialdian
Ekainaren 4an goizean merkatua eta irratsaioa egongo da eta arratsaldean musikagaz bi eszenatokiak beteko dituzte
Aurten inolako murrizketarik gabe ospatuko da Etxebarriko Elizpe Rock. Iaz ekainera atzeratu zuten jaialdia eta aurten data mantentzea erabaki dute, “ekaina gurea bezalako jaialdi baterako aproposagoa da”, egun bakarrean bildu dituzte ekintzak. Beste alde batetik, lehengo formatura itzuliko dira, bi eszenatoki prestatuko dituzte.
Ekainaren 4an 11:00etan hasiko da Elizpe Rock. Hasteko, eskualdeko artisau produktuen azoka egongo da, eta gero, Markina-Xemeingo EUP! irratiaren eta Ondarruko Radixuren arteko konexioa eginda irratsaioa egingo dute.
Arratsaldea kontzertuetarako txanda izango da, aurten hamaika taldek joko dute. “Elizpe Rocken helburu nagusia da eskualdeko eta inguruko taldeak hauspotzea, jendaurrean jotzeko aukera zabaltzen dugu”, adierazi dute.
Kontzertuen ordutegiak:
16:30 Hondar
17:15 Muzak
18:00 Doe
18:45 Zikin
19:30 Braulio
20:15 Irai
21:00 Casus belli
21:45 Grip
22:30 Soa
23:15 Ballard
00:00 AD