Ion Ibarluzea markina-xemeindarrak eta Ludovic Laduchek irabazi dute Mexikoko Betway Jai Alai txapelketa, finalean Tamborindeguy eta Perez 30-21 menpean hartuta. Jokin Arbek, Theo Labordegaz batera, hirugarren amaitu du lehiaketa.
Ion Ibarluzeak eta Ludovic Laduchek Mexikoko Betway Jai Alai 2022 zesta punta txapelketa irabazi dute. Astebeteko egitarauaren amaieran, munduko pilotalekurik handienean, Frontón México entzutetsuan gailendu ziren puntista markina-xemeindarra eta getariarra. Lehiaketako final handian, atzo, Jon Tambourindeguy baionarra eta Pepe Perez mexikarra izan zituzten aurrez aurre Ibarluzeak eta Laduchek, eta maila oso handiko partidua jokatzea lortu zuten. Izan ere, A multzoko Tambour eta Perezek orain arteko norgehiagoka guztietan gailentzea erdietsi zuten finalerako bidean, eta, horrenbestez, azken norgehiagoka irabazteko hautagai nagusiak ziren. B taldeko Ibarluzeak eta Laduchek, beren aldetik, partidu ikusgarria egin zuten finalaurrekoan, eta kontra zuten markagailua iraultzea lortu zuten, finalerako txartela eskuratuz.
Finalean, Tambour aurrelariak bere maila eta sasoi puntu bikainak erakutsi zituen hasiera-hasieratik, eta hainbat jokaldi eder egin zituen; bien bitartean, bere bikote Perezek, herrikideen aurrean, atzelari lan sendoa egin zion. Dena dela, finaleko izar nagusia Laduche lapurtarra izan zen: bikote urdinaren motorra izan zen, eta aurpegia eman zuen momenturik gaitzenetan. Ibarluzeak, gainera, babes lan azpimarragarria egin zion Laduchi. Partiduaren hasieran Tambour eta Perez nagusi agertu baldin baziren ere, minutuek aurrera egin ahala, urdinek beren benetako maila erakutsi zuten, eta apurka-apurka egoerari buelta ematen hasi ziren. Amaiera aldera, aurkariekiko errenta erosoa lortu zuten Laduchek eta Ibarluzeak, eta alde esanguratsuagatik irabazi zuten finala: 30-21.
Argazkia: Jai Alai News
Arbe, hirugarren. Ibarluzea markina-xemeindarra garaipenera goratu zuen final handia orduko, Betway Jai Alai txapelketako azken jardunaldiak beste partidu interesgarri bat izan zuen: hirugarren posturakoa. Lehen norgehiagoka horretan lehiatu zen, hain zuzen ere, Ibarluzearen herrikidea, Jokin Arbe; Donibane Lohizuneko Theo Labord gazteagaz batera aritu zen. Beraien aurkariak David Iturbide eta Ruben Bailo noaindar gazteak izan ziren. Arbe bera izan zen partidu horretako pilotari aipagarriena; ordubete luze bat iraun zuen partiduak, eta hasieratik amaierara artean hainbat jokaldi ikusgarri egin zituen. Azkenean, Arbek eta Labordek errenta polita lortu, eta segurtasunagaz eskuratu zuten hirugarren postua, 30-22 amaiturik.