Herri baten esperantza
Jokalarien jarrera, elkartearen konfiantza eta zaleen babesagaz, Ondarroan errotuta dagoen taldeak historia egiten jarraituko du beste denboraldi batez.
100 urte bete zituen Aurrera Kirol Elkarteak pasaden urtean, eta horietatik hogeita hamabi denboraldi egin ditu, hain zuzen ere, hirugarren mailan. Herri txiki bateko elkartea izanik, kirola errotuta duen herri bat izan da, eta jarraitzen du izaten. Aurten ere, jokalari, ekipo tekniko eta zaleek argi utzi baitute herriak maite duela kluba eta horren alde borrokatzeko denek batera lan egin behar dutela, abestiak ondo dion bezala Ipar baltzetan Aurrera.
2021-2022ko denboraldia bukatuta Mikel Etxaburu Pixki entrenatzaileak “denboraldi zaila” izan dela aitortu du. Hirugarren mailan jokatzeak dakarren lehiakortasuna eta maila mantentzea zen erronka eta lortu dute helburua: “Talde oso onak zeuden, baina hor egon gara, eta jarraitzen dugu”.
Hasiera batean, taldea osatzeko zailtasunak izan zituztela aitortu du Pixkik: “Hirugarren mailan jokalariak diruagaz mugitzen dira, eta guk hobariekin funtzionatzen dogu, hortaz, gaitza da kanpoko jendea etortzea”. Gainera Ondarroaren kokapena ez da bereziki erakargarria kanpotik datozenentzat, urruntasuna dela eta. Hortaz, herritar asko dira taldea osatzen dutenak eta hori ez da ohikoena hirugarren mailako taldeetan. “Ligako gainontzeko taldeak kontrolatzen ditut, eta inork ez dauka hainbeste herritar plantillan”.
Gainera, nabarmentzen duten gazteak beste klub batzuetara joaten dira. “Hori da gertatu behar dena, ni bereziki pozten naiz beraiengatik, gu tranpolin bat izan behar gara gazte horiei aukerak sortzeko”. Horrek zailtasunak ere sortzen dizkio herriko taldeari, hor dago erronka, baina zailtasunak berezitasun bilakatzen dira Aurreran.
Astero maila mantentzeko partidak jokatzeak presio sortzen du
Babestutako lehia
Denboraldia bereziki gaitza izan da taldearentzat, partida erabakigarri asko zituzten, astero maila mantentzeko beharrezkoak ziren partidak jokatu behar zituzten, eta horrek presio bat sortzen du. “Asteburuko partida galduz gero etorkizuna beltza izango dela dakizunean, presio bat duzu”. Etxabururen esanetan, taldeari lasaitasuna transmititzen ahalegindu da denboraldian. “Barruan sentitzen nuen kezka hori, baina ez nuen nahi jokalarien gain utzi pisu hori”.
Talde bikaina izan duela dio, “egunerokotasunean egin duten lana txalotzekoa izan da eta beraien jarrera bereziki izugarria, Jarrera eta prestutasuna izango ez balute ez ginateke libratuko”. Gainera, aurten, sei talde ziren maila galduko zutenak, hortaz, zailtasunak handitu zitzaizkien ondarrutarrei.
“Zalduperi buelta bat ematea lortu dute”
Zaleen babesa
Bide zaila xamurrago egiteko modua aurkitu zuten aurrerazaleek. Denboraldi osoan taldea babesten egon dira, kantu eta txalo artean gozotu dituzte taldearen une mingotsak. “Ez dago dirurik zaleek eman duten babesa eta izan duten jarrera ordaintzekorik”. Taldean dauden kanpoko jokalariek harrituta bizi zuten partida bakoitzean ikusten zuten zaletasuna, etxean jokatu, kanpoan jokatu, irabazi ala galdu, beti hor zeuden.
Pixkik bereziki gogoratzen du une bat: “Oilo ipurdia jartzen zait, 3-0 galdu eta zelai osoa guri txaloka zegoela ikustea, Aurrera beti abesten duen bitartean. Hori ez zait inoiz ahaztuko”. Ondarroan Aurrerarekin gertatzen dena, ez dela ohikoa dio: “Hori ez da beste inon gertatzen”.
Egoera gaitza zeukan taldeak, maila mantentzeko faktore askok eragin behar zuten.
Gainera, zuzendaritzak egindako lana goraipatu nahi izan du Etxaburuk: “Zalduperi buelta bat ematea lortu dute”. Herriko jokalariak, herriko zuzendaritza, herriko lantalde teknikoa, nolabaiteko batasun bat lortu da eta hori zaletasunarentzat lagungarria da. Gainera, zaletasunaren babesa eta jokalarien jarrerari, beste faktore bat gehitu zaio, zuzendaritzaren konfiantza taldearenganako. “Zortzi partida jarraian galdu ostean, lasai zu zara gure entrenatzailea entzuteak ematen dizun indarra izugarria da, eta lasaitasun hori jokalariek ere somatu dute”.
Egoera gaitza zeukan taldeak, maila mantentzeko faktore askok eragin behar zuten.
Anaitasunaren aurkako partidua izan zen taldearen denboraldiko azken partida. Mutilak Azkoitiko zelaian zeuden eta zale guztiak txalo eta kantu artean zeudela hasi zen azken lehia. Denen artean eman zioten amaiera ligari, baina gauzak erabaki gabe zeuden. Aurreraren etorkizuna beste baten esku zegoen, horrek sortzen dituen urduritasun eta ezinegon guztiekin.
Esperantzak Beasain taldearen esku zeuden.
Dena jokoan
Playoff-ak jokatu behar ziren, eta talde euskaldun batek bigarren mailara igotzea lortzea beharrezkoa zen Aurrerak hirugarren mailan jarraitzeko. Asteak luze joan ziren, ezinbestean: “Ahalegindu nintzen pixkat deskonektatzen, baina azken astea bereziki gogorra izan zen”. Esperantzak Beasain taldearen esku zeuden.
Beasainek Txantrearen aurkako partidan irabaziz gero, Aurrera hirugarren mailako taldea izango zen beste denboraldi batez. Asko izan ziren Zaldupera hurbildu zirenak partida telebistan ikustera, eta herriko tabernak ere partida ikusgai jarri zuten, 12:00ak jo zutenean, herri oso bat gelditu zen, taldearen etorkizuna zein izango jakiteko. Pixkik aitortu duenez. “Ez nintzen gai partida ikusteko”, aitortu du Pixkik.
Beasainek irabazi egin zuen. Amaitu zen ezinegona, amaitu zen denboraldia, eta lortu zen helburua. Heldu zen herriaren poztasuna; “Historia duen kluba da, herriak maite duena”, eta kalean nabaritu zen.
Pixkik laburbildu duenez, “jokalarien jarrera, klubaren konfiantza eta herriaren babesa izan dira helburu hau lortzeko gakoak”, faktore horiengatik lortu du Aurrerak hirugarren mailari eustea.