Gorka Corresek irabazi du Berriatuko 40. Aitxekutz Saria
Domekako [maiatzak 29] 21. Juan Luis ‘Kanterape’ memorialean Grupo Eleyco-Iturribero taldeko txirrindularia izan zen ihesaldiko indartsuena.
Domekan [maiatzak 29] 156 txirrindularik izena ematen zuten 15:30ean hasi zen Berriatuko 40. Aitxekutz Sarirako. Euskal Herriko junior txapelketako hirugarren probak ikuskizuna eskaini zuen, ibilbide gorabeheratsua eta eguraldia lagun.
Gorka Corres izan zen 21. Juan Luis Kanterape memorialeko indartsuena. Grupo Eleyco-Iturribero taldeko txirrindulariak eguneko ihesaldia hartu zuen beste bi kidegaz. Corresek errepidea aldatz gora jarri zenean erakutsi zuen bere nagusitasuna; lau mendate puntuagarrietan lehen postuan igaro zen. Mendiko saria irabazi zuen. Azkenengoan, Mendexan, erasoa jo zuen eta aurrera joan zen, eta Berriatuko helmugara bakarrik heldu zen, 2 ordu, 42 minutu eta 56 segundoko denboran.
Bigarren izan zen Iñaki Ordoki eta hirugarren Mikel Arrasate lekeitiarra, biak ala biak irabazlearengandik zortzi segundora. Lekeitiarrak atzetik aurrerako bidea egin zuen, Corres harrapatzeko saiakeran zortzi txirrindulariko multzo bat osatu zen, eta handik jauzi egin zuten Arrasatek eta Ordokik. Ezin izan zuten, baina, Corres harrapatu, eta esprintean banatu zituzten podiumeko beste bi tokiak. Lea-Artibai eskualdeko txirrindulari onenaren saria jaso zuen Arrasatek.
Ibilbidea oso malkartsua eta gorabeheratsua izan zen, 88 txirrindularik amaitu zuten lasterketa. Hori gutxi ez eta ez zen tropel handirik heldu helmugara, bakarka heltzen joan ziren txirrindulariak. “Eguraldia lagun izan dugu, parte hartzaile kopuru ederra izan dugu eta, horrenbestez, balantzea ezin da hobea izan”, esan dute Berriatuko Txirrindulari Elkarteko antolatzaileek.