Lea-Artibaiko 'Akerbeltzen Antxumak' taldeak irabazi du Bizkaiko Taldekakoa
Zapatuan [maiatzak 28] jokatu zen finala Larrabetzun. Eskolarteko finalak ere jokatu ziren goizean, eta idatzizkoan LH6ko 3. Saria eraman zuen Olaia Calvo markina-xemeindarrak eta LH5ekoa Manex Bollar aulestiarrak.
Zapatuan [maiatzak 28] Larrabetzun jokatutako finala irabazi zuen Lea-Artibaiko Akerbeltzen Antxumak taldeak. Zornotzako Bertso Oskola (Durangaldea) eta Far West-eko bertsolariekin (Enkarterri-Ezkerraldea-Meatzaldea) aritu ziren finalaurrekoko saioan, eta finalerako sailkatu zen taldea. Taldekakoaren finala Hori Bai gaztetxean izan zen, eta finalistak Koipelustriek, Urruxarrak eta Akerbeltzen Antxumak.
Guztira 23 taldek parte hartu dute aurten Bizkaiko Taldekakoan, eta zortzi kanporaketa jokatu ostean, hiru finalaurreko eta finala jokatu ziren zapatuan Larrabetzun. Lehenengo finalaurrekoa 16:00etan izan zen Larrabetzuko eskolan, Laukijjek, Beethovenen belarriak eta Koipelustriek taldeen artean, eta AbadiƱoko Koipelustreak taldeak lortu zuen finalerako txartela.
Bigarren finalaurrekoa Kantakunek, Urruxarrak eta Lea-Artibaiko bertsolariez osatutako Poto Baptist School taldeek jokatu zuten. Xabat Galletebeitia lekeitiarra, Garazi Navarro amotarra eta Aitor Arrizubieta lekeitiarra aritu ziren kantuan. Publikoaren epaia erabakigarria izan zen finalaurrekoetarako talde irabazlea izendatzeko; Urruxarrak taldeak egin zuen aurrera.
Akerbeltzen Antxumek hirugarren eta azken finalaurrekoan egin zuten kantuan. Sara Asenjo aulestiarrak eta Nahia Ibarzabal eta Josune Aramendi markina-xemeindarrek egin zuten bertsotan, epaile lanetan, berriz, Jone Antsotegi aulestiarra aritu zen. Finaleko bertsolariak Nerea Ibarzabal, Nahia Ibarzabal eta Josune Aramendi markina-xemeindarrak eta Aissa Intxausti lekeitiarra izan ziren, eta ia bi orduko saio umoretsuaren ostean, hirugarren taldekakoaren garaipena eskuratu zuten.
Eskolartekoa. Taldekako finalaurreko eta finalez gainera, Eskolarteko Txapelketa ere erabaki zen Larrabetzun. Goizean izan ziren finalak, lehenengo idatzizkoa eta ostean, bat-batekoa.
Bizkaia osoko 190 gaztetxo inguru batu ziren Larrabetzuko eskolan idatzizko norgehiagokan parte hartzeko, eta ordubete inguru izan zituzten proposatutako ariketak egiteko. Gaztetxoak 5 mailatan egon ziren banatuta: 5. maila, 6. maila, DBH 1 , DBH 2 , DBH 3 eta Batxillergoa. LH6ko
3. Saria Olaia Calvo markina-xemeindarrak eraman zuen eta LH5ekoa, Manex Bollar aulestiarrak.
Bizkaiko zortzi bertsolari gazte aritu ziren bertsotan, ondoren, bat-batekoan, eta Mungiako Izaro Bilbao izan zen txapelduna.