Lekeitioko Tximistako emakumeen taldea Bizkaiko txapeldun izendatu da
Bosgarren aldiz irabazi zuten zapatuan [maiatzak 28] Durangoko Landakoko pistetan
Lekeitioko Tximista Atletismo Taldeak Bizkaiko Txapelketa irabazi du bosgarren aldiz emakumezkoetan. Durangoko Landakoko pistetan batu ziren zapatuan [maiatzak 28] Bizkaiko zortzi talderik indartsuenak, eta lekeitiarrek lortu zuten garaipena 115 puntugaz. Bigarren izan zen Ezkerraldea AKT 106 puntugaz eta hirugarren Durango Kirol Taldea, 98gaz.
Lekeitioko taldearen parte hartzea oso ona izan zen, proba bakoitzean puntu kopuru handia atera zuten. Hori izan zen gakoa. “Azken bi urteotan baldintza onenetan parte hartu ezin izan arren, aurten berriro ere podiumaren gailurrera igo gara. Emaitza horiek animoa berritzen digute eta gure atletekin lan ona egiten ari garela erakusten digute”, adierazi dute Tximista Atletismo Taldekoek.
Txapelketan hamazortzi proba eta errelebo bi (4x100m eta 4×400 m) egin behar ziren. Erreleboen bigarren lasterketan zilarrezko domina eskuratu zuten Nora Zatikak, Ines Lauzirikak, Olatz Martiartuk eta Irati Agirregomezkortak osatutako laukoteak.

Banakako txapelketetan hamabi domina lortu zituen Tximistak. Naia Garetxanak urrezkoa altueran eta zilarrezkoa 100 metro hesietan; zilarrezkoak lortu zituzten Ines Lauzirikak jauzi hirukoitzean, Terese de Madariagak pertikan, Lere Alonsok xabalinan eta Aiora Gojenolak 20 urtez azpiko bost kilometroko martxan; azkenik, brontzea irabazi zuten Olatz Martiartuk 800 metroetan, Irati Agirregomezkortak 3.000 metro hesietan, Naia Garetxanak jauzi luzeran, Alaine Imazek jauzi hirukoitzean eta Amets Amutxastegik mailuan. Beroarengatik marka gutxi hobetu baziren ere, Zatikak bere marka hobetu zuen 400 metro hesietan eta Nikole Cuencak diskoan.

Haurren kategorian, Mendizorrotzako pistan, Euskadiko txapelketaren finala jokatu zen. Olaia Zatikak luzera-jauziko proban parte hartu zuen, eta 4,68 metroko jauziarekin brontzezko domina lortu zuen.
Gizonezkoetan, Mikel Dolaragak 200 eta 400 metro lautan hartu zuen parte, eta zilarrezko domina lortu zuen bi probetan, 22,78 eta 49,55 segundoko marka bikainekin. Haurren mailan, Gasteizko Mendizorrotzako pistan, Euskadiko txapelketaren finala jokatu zen. Olaia Zatikak luzera jauziko proban parte hartu zuen, eta 4,68 metroko jauziagaz brontzezko domina lortu zuen.