'Historical places build relations' proiektuaren baitan etorri dira Europako sei ikastetxetako ikasle eta irakasleak.
Mutrikuko Institutuak Erasmus programaren baitan, Historical places build relations proiektuan parte hartzen du, eta igandean heldu ziren proiektuan parte hartuko duten Europako 50 ikasle zein irakasle. Hain zuzen ere, sei ikastetxe ezberdinetatik etorri dira; Gaggenau (Alemania), Napoles (Italia), Leon (Espainia), Braga (Portugal) eta Carregal do Sal (Portugal). Ikastetxe bakoitzetik ikasle kopuru txiki bat etortzen da, hau da, ez da ikasgela oso bat lekualdatzen. Proiektu honetan, ikastetxe ezberdinetako errepresentazioak biltzen dira leku konkretu batean, hau da, ikastetxe bakoitzetik gutxi gorabehera hamar ikaslek bidaiatzen dute beste ikastetxe batzuetako ikasleekin batera aste beteko egonaldiak egiteko. Kasu honetan, Mutrikun bildu dira Europako hainbat puntutik etorritako ikasleak.
DBH 4 mailako ikasleek parte hartzen dute proiektuan, eta Mutrikun dauden 50 ikasle horietatik, hamar irakasleak dira. Europako gonbidatu horietako batzuk Ondarroako Arrigorri Ostatuan daude eta beste batzuk mutrikuarren etxeetan.
ProiektuaErasmus programaren baitan antolatutako ekimena da, eta hain zuzen ere, pasaden urtean hasi behar zen abian baina covida bide, ezin izan ziren burutu bidaiak. Hortaz, aurten izan da lehenengo bateratzea, hain zuzen ere, Leon hirian.
Aste osoko egitaraua. Ondo egituratutako plangintza dute aurretik. Gaur [maiatzak 31], Ondarroan zehar ibiliko dira egun osoa, Ondarroako Institutua ezagutu eta beraien proiektua ezagutzera emango dute, mendi ibilbide bat egingo dute, eta arratsaldean, paddle surfarekin Artibai ibaia bisitatuko dute. Bihar [ekainak 1] kirol tradizionalak jorratuko dituzte, hauek ezagutu eta kirolak praktikan jarriz. Ondoren euskal dantzei bide emango diote eta egunagaz amaitzeko, Mutrikuko elkarte batean afalduko dute. Eguenean, [ekainak 2] Donostiara bidaiatuko dute, hirian bisita gidatu bat egingo dute gune esanguratsuenak ezagutzeko, tartean, Urgullera igoko dira. Barikuan, [ekainak 3] azken eguna izanik, agurra eta diploma banaketa egingo dituzte.