Garbigune mugikorra Munitibarrera heldu da
Gaurtik ekainaren 14ra arte egongo da, herriko plazan. Bolumen txikiko hondakinak utzi ahal izango dira bertan.
Bizkaiko Foru Aldundiaren Garbiker zerbitzuak antolatuta, garbigune mugikorra Munitibarrera ailegatu da. Herriko plazan kokatuta egongo da aste biz, gaurtik hasita ekainaren 14ra arte. Herritarrek etxean pilatzen dituzten hondakinak modu seguruan, jasangarrian eta ordenatuan botatzeko asmoz sortu dute garbigune mugikorraren egitasmoa. Bizkaiko udalerrietan barrena ibilbidea egin ohi du garbigune mugikorrak, eta 2021. urtean egon zen, azkenengoz, Munitibarren,
Munitibarko Udaletik adierazi dutenaren arabera, gainera, “mugikortasun traba bati” ere erantzuten dio ekimenak: “Eskualdeko udalerri bakoitzak garbigune jakin bat du ezarrita, eta, horrenbestez, ezin dira beraien herriari ez dagokien besteren batera joan; mugitzeko behar horrek, sarritan, beregain dakarren alferkeriari edota arazoei irtenbidea ematen die garbigune mugikorrak, herriko plazan bertan izango baitute etxeko hondakinak botatzeko aukera”.
Hondakin jakin batzuentzat. Garbigune mugikorrean utzi ahal izango diren hondakinak zerrenda batean argitu dituzten udalak eta Garbikerrek. Hondakin txikiei bideratuta dago proiektua. Izan ere, etxeko bolumen handiko hondakinak botatzeko zerbitzua hiru hilabeterik behin igarotzen da Munitibartik, eta, beraz, garbigune mugikorra bolumen apalagoko hondakinentzat pentsatua dago.
Ondorengo hondakinak utzi ahalko dira herriko plazako gunean: etxeko tresna txikiak, ezkatzeko tresnak, ontzi txikietan baturiko etxeko olioa, sakelako telefonoak, kableak, pinturak edota disolbatzaileak, aerosolak, kutsatutako xurgatzaileak, tonerrak, tintazko kartutxoak, metalezko nahiz plastikozko kapsulak, pilak, CDak, DVDak, kaseteak eta erradiografiak.