Leartibai Fundazioak lan azoka antolatu du Markina-Xemeinen
Datorren astelehenean [ekainak 6] eskualdeko eta inguruko hamabost enpresek parte hartuko dute
Leartibai Fundazioak, Lea Artibai Ikastetxearen laguntzagaz, lan azoka antolatu du datorren astelehenerako [ekainak 6] Markina-Xemeingo Lea-Artibai Berrikuntza Gunean. 10:00etatik 13:00ak arte Xemein etorbideko 12. zenbakian eskualdeko eta inguruko hamabost enpresa eta erakundek parte hartuko dute.
“Topaketa honen helburu nagusia, gazteen eta enpresen arteko harreman zuzena sustatzea da eta euren kurrikulum eguneratuak stand ezberdinetan uzteko aukera izango dute”, adierazi dute Leartibai Fundaziotik. Enpresa eta erakundeek postuak jarriko dituzte laneratzeko dituzten aukerak eta lan-poltsa ezberdinetarako bideak zabalduz.
Hauek dira parte hartuko duten enpresa eta erakundeak: Amorotoko Burdinola Safer Labs, Berriatuko Cikautxo, Itsarkorda eta kide; Etxebarriko Eika, Fagor Arrasate eta Nemak; Ondarroako HIBLab; Markina-Xemeingo Leartiker, Gernika-Lumoko Maier eta Mallabiako Orbea.
Horrez gain, Lanbide (Ondarroa), Novia Salcedo Fundazioa (Bilbo) eta 42Urduliz programazio eskolak ere beraien stand-ak jarriko dituzte gazteen enplegagarritasuna hobetzeko beste bide batzuk jorratzeko aukera aztertu nahi dutenentzat. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Lea-Artibai eskualdeko merkataritza, turismo eta ostalaritzan lana bilatu nahi dutenek ere, beraien kurrikulumak Leartibai Fundazioaren stand-ean uzteko aukera izango dute.
Lan azoka Bizkaiko Foru Aldundiaren Udal Gaztedi 2022-2023 Laneratu Gazte! Programaren barruan kokatzen da. Lea-Artibaiko 16-35 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta eskualdeko gazteak eskualdeko enpresetan laneratzea du helburu, gazte eta enpresen arteko harremana sustatuz.