Lea Artibai Amankomunazgoak 9.365 tona zabor bildu ditu 2021ean
%2,33 gehiago batu dute, azken bost urteetako jaitsiera joera aldatuz.
Lea Artibai Amankomunazgoak eskualdeko hainbat udalerritako zabor bilketaren ardura du. Herri batzuetan, zabor mota guztien kudeaketa burutzen du, beste batzuetan, ordea, gai konkretu batzuen sailkapena eta zabor bilketa. 2021Eko datuak kaleratu dituzte.
Amankomunazgoak guztira 9.365 tona zabor bildu zituen iaz, hau da, %2,33 gehiago, 219 tona hondakin gehiago. Horietatik 969 tona organikoak izan ziren ziren, Bizkaiko eskualde guztietatik gehien bildu zituena izanda. Ondarroan batu da gehien eta Lekeition gero. Horrez gain, jakinarazi dutenez, “bildutako organikoa kalitate oso onekoa da, bestelako hondakin gutxi agertzen direlako”.
Hala ere, oraindik, batzen dituzten hondakinen zatirik handiena errefusa da, %55,46a. Alde horretatik, Ondarroak du portzentaiarik txikiena %53,16agaz eta Ispasterrek handiena %67,85agaz.
Lea Artibai Amankomunazgoak herriz herriz zapatuetan jartzen duen gune mugikorrak 271 erabiltzaile izan zituen. Helburua da etxean bildutako material berezi edo arriskutsuak segurtasun gehiagorekin batzea. Adierazi dutenez, udalerri bakoitzean egongo den data zehazteko, egutegi bat zehaztu dute eta udalei bidali.
Konpostari dagokionez, 2021ean hiru aldiz ekarri zen konspost kontainerra Bizkaiko Foru Aldunduko konpostegitik Andonegira eta zerbitzua erabiltzeko 91 eskari egon ziren. Era berean, iaz hamabi autokonpostagailu banatu zituen amankomunazgoak 2019an eta 2020an, hamabost eta bederatzi, hurrenez hurren. Azkenik, gaur egun hamar auzokonpostadore daude eskualdeko udalerrietan, lau Markina-Xemeinen, hiru Berriatuan eta bana Etxebarrin, Lekeition eta Ziortza-Bolibarren. Erabiltzaile kopurua gutxitzen doa urtetik urtera, herritarrentzat bosgarren edukiontzia erabiltzea erosoagoa da”, esan dute.