Markina-Xemeingo merkataritza indarberritzeko plan berezia aurkeztu dute
Hemen Be Bai merkatari elkartearen eta Ikertalde enpresaren laguntzagaz gauzatuko du plana udalak
Gaur [ekainak 2] aurkeztu dute Markina-Xemeingo udaletxeko pleno aretoan herriko merkataritza indarberritzeko plan berezia Luis Egurrola alkateak, Hemen Be Bai merkatari elkarteak eta Ikertalde aholkularitza enpresak.
Pandemiak hirugarren sektoreko garapena arindu besterik ez du egin komertzializazio moduak eta kontsumo ohiturak. Adibidez, gero eta gehiago erosten da internet bidez eta tokiko produktuen garrantzia handiagotu da. Horregatik, berrantolaketa eta lehiakortasunerako hobekuntzarako beharra ikusi dute. Udalaren arabera, “merkataritza sustatu eta indartu nahi dugu, herriarentzat oso garrantzitsua da hirugarren sektorea. Herri dinamismoa sortzen du, gertutasuna azken batean, eta era berean, herri jasangarriago bat edukiko dugu. Garai berrietara aurre egin behar diegu, horregatik da hain garrantzitsua plan bat eratzea, daukaguna aztertzeko, erronkak bilatzeko eta aurrera begira jartzeko”.
Plan hau ekintza parte-hartzaile desberdinen bidez diseinatu eta gauzatuko dute, hiritarrei zein merkataritza sektoreko eragileei irekia egongo da. Udan bilduko dituzte datuak irailetik aurrera plana martxan jartzeko. Hemen Be Bai merkatari elkarteak “ahalegin denak” egingo dituela esan dute ordezkariek “gure komertzio txikien baloreak indartu eta guk hain garrantzitsua ikusten dugun komunitatea sortzeko”.
Proiektuaren ekintza teknikoen garapenaz Ikertalde aholkularitza enpresa arduratuko da. Ikertaldeko ordezkariek elkarlanaren garrantzia azpimarratu dute: “irakurketa sozioekonomikoa egingo dugu, eta horretarako, hainbat adierazle aztertuko ditugu. Kontsumitzaileak analizatuko ditugu zer erosten duten, non erosten duten, zer eskatzen duten… baita herriko merkatarien profila ere aztertuko dugu adina, egokitzapena edota digitalizazioa moduko arloak kontuan hartuz”.
Merkataritza plan bereziak fase desberdinak izango ditu. Lehendabizikoan, herritarrek, kontsumitzaileak diren heinean, inkesta bat betetzea nahi dute, izan telefonoz edo kalean baita merkatariek ere. Gero, eskaintza aztertzeko helburuagaz merkatariekin bilduko dira, “analisia osatzeko, bai kualitatiboki bai kuantitatiboki”. Hirugarren fasean, eskaria aztertuko dute jasotako informazioan lan egingo dute. Azkenik, diagnosia aterako dute, indarguneak eta ahulguneak ikusi ahal izateko.
Prozesu honetan lorturiko emaitza eta ondorioak ekintza-lerro zehatzetan gauzatuko dituzte. Komertzial, ostalari eta zerbitzu guneak hobetzen eta modernizatzen lagunduko duen ekintza plan bat gauzatuko dute. “Gaur egungo gizartearen beharrei eta kontsumo-ohiturei erantzun egokiago bat eman nahi diegu”, adierazi du Egurrolak. Plan hau aurrera eraman ahal izateko, antolatuko dituzten ekintza desberdinetan parte hartzeko gonbidapena luzatu diete markina-xemeindarrei.