Alkoholismoaren gaixotasuna
Alkoholiko Anonimoetako lehenengo taldea Bizkaian 1970ean sortu zen Ondarroan. 50 urte baino gehiago daramatzate gizarteko arazo handienetako bati aurre egiten.
Gaur egun Alkoholiko Anonimoek bilerak egiten dituzte Lea-Artibai eta Busturialdeko hainbat herritan: Gernika-Lumon, Markina-Xemeinen, Lekeition, Bermeon eta Ondarroan. Azken horretan, gaur [ekainak 10] batzar irekia antolatu dute, Erribera kalean, kofradia zaharrean, 19:00etatik 21:00etara. Bertan medikuak, kideak eta familiak elkartuko dira, bakoitzaren ikuspuntua helarazteko, eta parte hartzeko deia luzatu dute.
Gero eta hobeto ikusita dago Alkoholiko Anonimoak elkartea, erakundeetan zein kalean. Ekintza asko antolatzen dituzte, hitzaldiak batez ere, eskoletan, kartzeletan, unibertsitateetan edota udaletxeetan. Hala ere, bidea dago aurretik oraindik, gai tabu bat izaten jarraitzen du alkoholak eta haren eraginak. Ez dago errezeta magikorik, ez da pilula bategaz osatzen den gaixotasuna. «Alkoholikoa dena alkoholikoa izango da bere bizitza osoan».
Hamabi pauso eta hamabi tradizio dituzte taldeko kideek. Beste bizimodu baten bila, hamabi pauso pertsonalki berreskuratzeko eta aurrera jarraitzeko beste hamabi tradizio. Gutxienekoak dira. Ez dituzte arau edo inposaketarik, norbanakoarengan irten behar da, borondate kontua da, «borondate ona», zehaztu dute. Ez dago inolako kontrolik bileretan, beti nahi duena doa eta ez dute aterik ixten.
Batzar irekia egongo da gaur Ondarron; parte hartzera deitu dituzte herritarrak
Sartzen diren gehienak irteten dira taldetik, baina bakoitza modu desberdin batean. Ez daukate zenbakirik edo estatistikarik, ez dago kontrolik, ez dituzte gustukoak. «Kabroi bat nintzela pentsatzen nuen, taldean sartzerakoan konturatu nintzen gaixo nengoela, ez nuela nire bizitza kontrolatzen».
Bi hitzetan laburbiltzen dute dena: «Onartu, onartu alkohola zu baino gehiago dela eta zure bizitza mendean hartzeko gai dela, eta jardun, aurrera egin». Haiek bakarrik ez dute norbanako borondate nahikorik eta, horregatik, taldearen babesean hauspotzen dira. Batzar aktiboak dira, denek parte hartzen dute, ez dute elkar epaitzen, elkar entzuten dute, eta sarritan gainontzekoek esandakoak norberarenak egin. Kalean kontrakoa pasako litzateke. «Ez didate esaten zer egin edo ez egin behar dudan, esaten dute haiek zer egin duten ez edateko».
Nahi duenak, nahi bezain beste laguntasun aurkituko du taldean. Hor dago gakoa, nahi izatea, hain zuzen ere, bestela ez dago zer egitekorik; «derrigortuta etortzen bada bat, bere buruarengandik derrigortuta». Azkenengo geralekua dute, azken autobusa igarotzen da bertatik, bizitzari heltzeko azkena. «Beste edozein tokira joaterik ez duena etortzen da».
Azken kolpea. Denek hala edo nola behea jo dute, eta lotsarik gabe diote bileretan, denak direlako berdinak; ez dute irainik, txantxarik edo begirada txarrik jasoko. Hori kalean ezin daiteke esan oraindik. «Hemen esateak, berriz, sendotu egiten gaitu, azkenean geure errealitatea da. Zure moduko pertsona asko daudela konturatzen zara, gaixo zaudela, gaixotasun bera daukazuela». Batzarretan hitz egiten dutena batzarretan geratzen da.
«Zure moduko pertsona asko daudela konturatzen zara, gaixo zaudela»
Bizitza asko aldatu dira lau horma horien artean, pertsona batek baino gehiagok onartu du Alkoholiko Anonimoak bizitzako «gauzarik garrantzitsuena» izan dela, bestela «kartzelan, kalean, edo txarrago, hilda» egongo liratekeela.
Beharrezkoak bilakatu dituzte batzarrak, ezinbestekoak, norbere buruagaz eta ingurukoekin bizi ahal izateko egunerokotasunean. «Egunen baten ez banator asko igartzen dut, haserre moduan nago». Azken batean, beste bizimodu berri baterako bidea da. «Lagun baten bidez sartu nintzen lehenengo bider Alkoholiko Anonimoetan, eta atetik sartu bezain laster eta lehen istorioak entzuterakoan, konturatu nintzen arazo bat nuela. Gero, nire kabuz jarraitzen saiatu nintzen, baina duela lau urte berriro jausi nintzen eta, zorionez, argi nuen nora jo behar nuen».
Tanta bakarra. Gizarteko arazo nagusietako bat da alkohola. «Alkoholagaz arazoak dituzten pertsonak batzeko ez dago futbol zelai handiegirik munduan». Edale sozialaren eta edale problematikoaren arteko lerroa oso fina da. «Behea jotzen dugunean konturatzen gara. Lehen egunean ateak 60 zentimetroko altuera dauka bakarrik, burumakur sartzeko».
Lehenengo tragoa da gakoa, lehendabizikoaren ostean ez dute etenik, behin motorra berotuta ez dago geldiunerik. Ez dago beste erremediorik. Tantarik ere ez. Tanta batek uholdeak sortzen ditu, eta osteko hutsuneak, hutsune mentalak, egun osoko hutsuneak. «Behin edaten hasten garenean ez dakigu geratzen». Tanta bat nahikoa da urtegiko ateak zabaltzeko. Azkenean alkoholak zure bizitzako arlo denak bustitzen ditu, hondatzen ditu: etxea, lana, familia, lagunak… Dena.
Baita osasuna ere. Badaude alkoholarengatik hil direnak, badaude bizitzeko, kontrakoa badirudi ere, alkohola behar dutenak, «lanera sartu baino lehen egunari aurre egiteko». Abstinentzia dardarak sortzeko gai da. «Ez edatea erraza da eta aldi berean oso zaila».
Bideorria. Eguneroko lana da. Ez dute hurrengo egunik ezagutzen, orainaldia bakarrik. Egunetik egunera bizi dira. Gaur egun alkohola edozein tokitan dago, «eta gutxien espero duzunean harrapatzen zaitu berriro». Nahi edo eskatu barik amaitu zenezake garagardo bategaz eskuan.
Ohiturak aldatzea da gakoa. Goizeko lehen kafeagaz batera, betiko legez eskatu barik, kopa jartzen dizun taberna horretara ez joatea. «Atea ez dugu bileraren hasieran edo amaieran berdin gurutzatzen». Eguna pasa dute, beste egun bat edan barik.