Akarregi eta Kalamua mendiak argiztatu ditu Gure Eskuk
Joan den barikuan [ekainak 10] uztailaren 2ko Pirinioetako Bidea ekimenerako froga egin zuten
Gero eta gutxiago falta Gure Eskuk ANC (Assemblea Nacional Catalana) eta FEECgaz (Federació d’Entitats Excursionistes de Catalunya) antolatzaile moduan, eta Omnium Cultural eta Artistes de la República, laguntzaile direlarik, uztailaren 2an Pirinioetako Bidea argiztatzeko. Prestaketa lanekin hasi dira Lea-Artibaiko hainbat herrietan.
Joan den barikuan [ekainak 10] Markina-Xemeinen eta Etxebarrian, hain zuzen ere, egin zuten lehen froga. “Helburua zen uztailaren 2ra begira entsegu handi bat egitea, azkenean, adibidez, jendea ez dago ohituta gauez menditik ibiltzen, oso desberdina da, eta entrenamendu bat bailitzan hartu dugu”, adierazi dute antolatzaileek. Markina-xemeindarrek 21:30ean zuten hitzordua arkupean Akarregi mendia argiztatzeko eta etxebarritarrak kotxez hurbildu zien Uzartzara arte 21:30ean Kalamuko igoera hasteko.
Behin gaina hartuta, gauaren iluntasunean argiak pizteko unea heldu zen. Hasiera batean lainoagatik tontor batetik bestea ikusten ez bazen ere, azkenean hodei gutxi horiek desagertu eta elkar ikusi zuten. Gainera, uneoro telefono bidezko etengabeko komunikazioan zeuden argiak aldi berean piztu ahal izateko. Era berean, Mikel Laboaren “Txoriak txori” abestu zuten bi taldeek batera. Horrez gain, Akarregin txokolatea eta bizkotxoak banandu zituzten. Guztira 50 lagunetatik gora elkartu ziren. Antolatzaileak “oso pozik” agertu dira jendearen harreragaz.
Lanean. Lea-Artibai eskualdeko herrietako Gure Esku taldekoak buru belarri daude uztailaren 2ko prestaketa lanetarako. Asteburuan, esate baterako, Otsagabian elkartu ziren hainbat herritako arduradunak igoera aztertu ahal izateko. Mendikatea lau tontorretan banatuko dute uztailaren 2an. Alde batetik, Markina-Xemeinen izena ematen dutenek lehen tontor bat argiztatu beharko dute. Beste alde batetik, Aulesti, Mendexa, Amoroto, Etxebarria, Munitibar edota Ziortza-Bolibar bezalako herri txikiagoek bigarren tontor bat hartuko dute. Azkenik, Lekeitioko herritarrei Otsagabiko bi tontor egokitu zaizkie. Azken tontorra Lekeitioko Mendi taldeak igoko du bakarrik zailtasun handiagoko ibilbidea baita.
Gailurren zailtasunaren arabera banaketa egin dute gailur ‘berde’ eta ‘gorrien’ artean, ‘berdeak’ lehen hiru tontorrak dira eta ‘gorria’ azkena. Gailur ‘berdeak’ iraupena, ibilbidea, desnibela eta sarbidea aintzat hartuz, aparteko zailtasunik gabeko gailurrak dira. Bestalde, gailur ‘Gorriak’, zailtasun handiagoa dutenak izango dira, hortaz, izen-emateko aukera mendizale trebatuei mugatuta egongo da. Izena emateko epea oraindik zabalik dago www.viapirinenca.cat webgunean. Markina-Xemeinen, esate baterako, ekainaren 24an iluntzean arkupeetan izena emateko mahaia jarriko dutela jakinarazi dute.
Datorren zapatuan bilera dute hainbat eskualdetako arduradunek Eibarren. Bertan uztailaren 2rako segurtasun eta osasun protokoloen berri emango dute, Donostian, adibidez, erreskate egoitza jarriko dute. Gainera, arduradunei argiztatzeko argi berezi batzuk banatuko zaizkie, 40 kilometro luze eta 360 gradutan argiztatzeko indarra duten argiak dira.