Lekeitioko Baserri Azokan izena emateko epea zabalik dago
Uztailaren 23ko azokan izena emateko azken eguna ekainaren 24a da
Lekeitioko Udalak uztailaren 23rako antolatuko du Baserri Azoka, iazko osasun egoeraren ondorioz bertan behera geratu zen Santo Tomas azoka ordezkatuko duena. Parte hartzeko izena emateko epea zabalik dago eta ekainaren 24an amaituko da, azken eguna barne. Jakinarazi dutenez, eskaerak udaletxeko bulego orokorretan aurkeztu beharko dituzte interesa dutenek.
Uztailaren 23an 10:00etatik 15:00etara egongo da zabalik azoka eta guztira hamalau postu jarriko ditu udalak. Hain zuzen ere, postu horietarako eskaerak hartzeko epea zabaldu dute, udal baimena derrigorrezkoa izango baita parte hartu ahal izateko. Ortuarientzako lau postu jarriko dituzte, gaztagintzarako hiru, gozogintzarako, haragikientzako eta kontserbentzako bina eta edarietarako (sagardoa, txakolina, ardoa, artisau garagardoak…) bakarra.
Postuen kokapena Lekeitioko Udalak erabakiko du “produktu mota, okupatzen duten espazioa eta momentuko egoeraren baldintzen arabera, beti ere aukeren berdintasuneko irizpidea kontuan hartuko delarik”. Horrez gain, produktuen salmenta bakarrik baimenduko dute, hau da, ezingo da bertan egunean sukaldatu.
Antolatzaileek zenbait baldintza zehaztu dituzte azokan parte hartu ahal izateko. Derrigorrezkoa izango da udal baimena izatea eta salmentan jartzen diren produktuak norberak ekoiztutakoak izan beharko dira, ez dituzte birsalmentarik onartuko. Baldintza higieniko sanitarioak eta bestelakok betetzea ere nahitaezkoa izango da. Behin eskakizunak jaso ostean udalaren eskumena daukan organoak ebatziko du baimena ematea edo ukatzea.
Produktu desberdin bakoitzaren saltzaile kopurua mugatu izango da. Lehentasunak erabakitzeko eta eragileak esleitzeko momentuetarako zenbait irizpide erabiliko ditu Lekeitioko udalak. Produktu mota baterako puntuazio berdina lortuz gero zozketa bidez esleituko da postua. Produktu ekologikoak izatea kontuan hartuko dituzte, era berean, marka babestuak diren edo ez, nork bere etxean sortutako lehengaiak erabiltzea edo instalazio propioak izatea ere sarituko dute. Emakume baserritarren lana ere bistaratu nahi dute eta ingurumena zaintzeko ibilgailu elektriko edo hibridoen erabilera.
Lehen sektorearen indarra. Lea-Artibai eskualdean lehen sektoreak orokorrean eta lurreko produktuek izan duten eta daukaten garrantzia nabarmendu nahi du Lekeitioko Udalak: “ezinbestekotzat jotzen dugu herritarrengana produktu hauek hurbiltzeko ekimenak aurrera eramatea”. Ekonomiaz gain, lehen sektorea “funtsezkoa” da ingurumenarekiko errespetuarentzat, kontsumo jasangarriarentzat edota herritarren osasunarentzat. Horregatik, udalak “bere bideragarritasunean laguntzeko hainbat ekimen aurrera eramaten ditu, besteak beste, azokak”.