San Antolin jaietarako kartel lehiaketa abian jarri dute Lekeitioko Udalak eta jai batzordeak
Lanak aurkezteko azken eguna uztailaren 11n izango da 21:00etan.
Herrietako jaiak itzuli dira Lea-Artibai eskualdeko herri askotan eta Lekeitio ez da gutxiagorako izango. Udalak udarako aurreikuspenetan sartu zituen ohiko, normaltasuneko, San Antolin jaiak, hasteko, berriz, kartela aukeratu beharra dago.
Lekeitioko Udalak eta jai batzordeak martxan jarri dute San Antolin jaietarako kartel lehiaketa. Bi antolatzaileek parte hartzeko oinarriak argitaratu dituzte. Lanak aurkezteko azken eguna uztailak 11 izango da 21:00etan. Proposamenak kulturetxea@lekeitio.eus posta elektronikora bideratu beharko dira. Antolatzaileek uztailaren 13an emango dute jakitera nor den irabazlea eta, horrenbestez, nork poltsikoratuko dituen 500 euroko sari bakarra. Saria hartzeko eguna eta tokia udaleko Facebookean, Kultur Etxeko iragarkien taulan eta komunikabideetan iragarriko dute.
San Antolinetako kartel lehiaketan edonork parte hartu dezake eta nahi beste proposamen aurkeztu daitezke, betiere oinarrizko baldintza batzuk betetzen badituzte. Aurkezterakoan, esate baterako, lanak lehendabizi, Emakumea eta Berdintasun zerbitzuak ikusiko ditu, hauek genero ikuspegia errespetatzen dutela bermatzeko. Ondoren, baztertuak izan ez diren lanen artean, jai batzordeak irabazlea aukeratuko du. “Jai batzordearen eta Emakume eta berdintasun zerbitzuak hartutako erabakia apelaezina izango da”, azpimarratu dute.
Alde horretatik, ez dituzte irudi edo hizkuntza sexistarik onartuko, irudietan sexuen arteko oreka islatu beharko baita. Gainera, emakumeen eta gizonezkoen rol estereotipatuetan oinarrituriko aurrejuzgu, jarduera, esaera eta irudiak ez dituzte onartuko. Era berean, ez dituzte jasoko norbanakoen osotasuna laidotzen duten kartelak, ezta homofobia edo xenofobia sustatzen dituztenak ere. “Lehiaketan parte hartzeak eskatzen du oinarri hauek guztiak onartzea”.
Kartelek derrigorrezko zenbait osagai eduki behar dituzte. Besteak beste, “San Antolinak 2022 Lekitto” testua nahitaez agertu beharko da eta herriko jaiei lotutako “berezitasunen bat” ere agertu beharko da. “Epaimahaiak baztertu egingo ditu herriko jaiekin zerikusirik ez duten kartelak”, aurreratu dute. Jakinarazi dutenez, lanak egiteko edozein teknika erabili daiteke.
Kartelak euskarri digitalean aurkeztuko dira. Artxibo digitala PDF edo JPG formatuan izango da. Tamaina: 21 zentimetroko zabalera eta 20 zentimetroko altuera, eta gutxienez 300 ppp-ko bereizmenarekin. Kartelaren artxiboarekin batera lelo edo esaldi bat jarri beharko da, proposamen bakoitzerako desberdina izan beharko dena. Gainera, egilearen hurrengo datuak jarri beharko dira: izen- abizenak, helbidea eta telefono zenbakia.