Kalean da Jabi Amirola 'Jaittu' Lekeitioko bizilagunaren azken singlea
'Oroi' izeneko kantua entzungai eta ikusgai dago plataforma digitaletan. Kanta berria "malenkoniatsua, baina animatua" dela azaldu du.
Jabi Amirola Jaittu Lekeitioko bizilagunak Oroi izeneko singlea eta bideoklipa plazaratu ditu gaur [ekainak 15]. Jaittuk azaldu duenez, abestia plataforma digital guztietan dago entzungai: Spotify, soundclou, deezer, amazon music, apple music… eta bideoklipa, Facebooken eta Tik Token ikusi daiteke. Aurkezpen ofiziala Lekeitioko Jaialdi antiarrazistan egingo du, zapatuan [ekainak 18], Abaroa Parkean.
Oraingoan, bakarrik aritu da Jaittu. Betiko modura, berak muntatu eta editatu du bideoklipa etxean. Kantaren masterra, berriz, Axularrek egin dio, Mutrikuko Ame estudioan.
Abesti berriaren izena “oroitutik” datorrela azaldu du musikariak. Bere etxean kanta asmatzen zegoela momentu onak eta txarrak oroitu zituen, eta horregatik jarri nahi izan dio izen hori kanta berriari. “Oroitzapenetara eramaten zaituzten kantak tristeak eta malenkoniatsuak izan ohi dira, geldoak”, dio. Eta, berak ere, melodia bat egin du, baina ohikoak baino erritmo arinagokoa. “Malenkoniatsua da, baina animatua. Dantzan egiteko edo logelan lasai kaskoekin entzuteko modukoa da”. Jendeak abestiagaz ondo pasatzea da Jaitturen helburua. “Ondo pasatzen bazagoz, momentu hori oroitu egiten duzu, eta niri hori gustatuko litzaidake: entzuleek nire kantagaz oroipen berriak egitea”. [HEMEN BIDEOA ikusteko lotura]
Zazpigarrena. Lekeition bizi den musikariak kaleratuko duen zazpigarren kantua da Oroi. Lehenengoa Udia izeneko abestia izan zen. Abesti horren bideoak musikariak berak espero baino erreprodukzio gehiago izan zituen. 30.000 bisitatik gora Tik Token eta 8.000 gustuko dut, Facebooken ere 14.000 ikuskapen izan zituen. Ondoren Bidaia abestia egin zuen, eta horren bideoa egiteko lagun argazkilari batek munduan zehar egindako bidaia batean ateratako argazkiak erabili zituen. Jarraian etorri ziren Arima eta Daika lanak, eta azken abesti horren bideoklipean Lekeitioko beste hiru musikarik parte hartu zuten: Aritz Elordieta Toki, Unai Egia (Nabil) eta Jabi Patxon. Horrek ere bisita ugari izan dituela azaldu du Jaittuk. Iaz, azkenik, Osterabe, Lekittoko Deabruak eta Bakar singleak kaleratu zituen.
Jaittuk dionez, musika kontsumitzeko modua aldatu egin da: “Lehen disko bat atera eta saldu egiten zen, baina ohiturak aldatu egin dira, eta, batez ere, plataforma digitalen bidez entzuten du jendeak musika gaur egun”. Hori dela eta, berak ere bide hori hartzea erabaki zuen. Gainera disko bat ateratzea baino nahiago du kantak banan-banan kaleratzen joatea. “Bideoak dira gehien kontsumitzen dena, eta errazagoa da kantu bakoitzeko bat egiten joatea”. Disko bat argitaratzeak, kostu handia daukala ere gaineratu du. “Kantu bategaz egin dezakezu ahalegin hori”.
Kanta berriak, gaur, kaleratu den egunean bertan, 5.600 erreprodukzio eta 1.982 gustuko dut lortu ditu TikToken.