Lekittoko Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak jaialdi antiarrazista antolatu du
Asteburuan [ekainak 18 eta 19] hainbat ekimen egingo dituzte Abaroa parkean.

Lekittoko Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak Galsen Batuak eta Lekittoko senegaldarren elkarteekin elkarlanean asteburu antiarrazista antolatu dute. Zapatuan [ekainak 18] eta domekan [ekainak 19] arrazismoaren aurkako jaialdia egingo dute Abaroa parkean, “jai girorako eta aldarrikapenerako espazioa izan nahi du”, zehaztu dute antolatzaileek.
Horretarako ekintza asko eta askotarikoak egingo dituzte. “Alde batetik Lekeition dugun kultur aniztasunaz eta horien adierazpenetaz gozatu eta partekatu nahi dugu zapatuan izango diren kontzertuekin eta bestetik, bizitza horiek duintasunez garatzeko oztopo diren oinarrizko giza eskubideen urraketaz hitz egin nahi dugu”, adierazi dute.
Zapatuan 18:00etatik 19:30era K-Tum-K batukadak emango dio hasiera jaialdi antiarrazistari eta jarraian kontzertuak antolatu dituzte Abaroa parkean. El Malick eta Afrikans taldeak izango dira, hain zuzen ere, oholtzan ariko direnak. Lekittoko Ongi Etorri Errefuxiatukoek jakinarazi dutenez, “asteburu honetan protagonistak pertsona migratuak izango dira, abeslari, dantzari, dinamizatzaile edo akrobata migratutako pertsonak izango dira gehienak”.
Domekan goizean emango diote jarraipena jaialdiari. 12:00etan bi ekimen desberdin egingo dituzte. Alde batetik, nagusientzako “etxebizitza, lan baldintzak… premiak eta ekintzen proposamenak” izenpeko solasaldia gidatuko du Solange Diatta dinamizatzaileak. “Bizitzak eta elkarbizitzak oztopatzen dituzten hainbat gaien inguruan hitz egingo dugu. Baina modu eraikitzailean ariko gara, premiak identifikatu eta ekintzak proposatuko ditugu, herriko eragile eta norbanakoen artean horietako batzuk gauzatu ahal izateko elkarlanean”, esan dute.
Bien bitartean umeentzako beste aukera bat antolatuko dute, Abdelouahab Mahfoudek Maite eta Idurreren laguntzagaz gidatutako zirko eta akrobazia tailerra, alegia. Jaialdi antiarrazistari amaiera emateko, dantza ikuskizuna eskainiko dute Fatima Torrezek eta Priska Espinozak.
Oztopoak. Lekittoko Ongi Etorri Errefuxiatuko taldeak zenbait arazo aurkitu ditu herrian migratuen egokitzapenerako. “Pertsona orok duintasunez bizitzeko behar duen lehenengo gauza etxebizitza da. Eta bizitzeko etxea lortzea oso zaila da Lekeition. Etxebizitza turistikoak ugaritzen doaz bertora bizitzera etorri direnen kalterako”, adierazi dute. Hori gutxi ez, eta burokraziaren oztopoak gainditu behar dituzte beste askok: “Bestetik pertsona migratuek bizi duten egoera administratiboa erregularizatzeko trabak oso handiak dira eta errolda bilakatzen da paperak lortzeko bide horretan beharrezko atea, errolda eta lan kontratua.