Markina-Xemeingo Berdintasun Batzordeak lehen bilera antolatu du
Batzarra bihar [ekainak 16] izango da 18:30ean kultur aretoan

Markina-Xemeingo Udalak joan de martitzenean [ekainak 7] osoko bilkuran onartu zuen aho batez II. Berdintasun Plana. Horren aurkezpena osatu zuten Eztizen Telletxea udaleko lehen berdintasun teknikariak eta Idoia Arrieta udal zinegotziak joan den eguenean [ekainak 9]. 2022-2025 aldirako planaren oinarri nagusietako bat berdintasun batzordea da.
“Herriko eragile ezberdinen kolaborazioari esker sortu da plan berria, udalean bertan eta udaletik herrira burutzen diren ekintzetan berdintasun ikuspegia txertatzeko. Prozesu guzti honetan herritar eta eragileen parte-hartzea sustatu da”, adierazi dute.
Berdintasun batzordeak bere lehen bilera antolatu du bihar [ekainak 16] 18:30ean kultur aretoan. Batzordea irekia eta zabala izango da, hau da, udal ordezkariez gain, edonork parte hartu dezake. Udalak Markina-Xemein anitz eta berdinzale bat eraiki nahi du denen artean. “Genero berdintasunari buruzko gaietan proposamenak eta esku hartzeak egitea da helburu nagusia, eta udalagaz lankidetzan aritzea hauek abian jartzeko”, zehaztu dute.
Berdintasun batzordea organo aholku emailea da, beraz, udal politikan aholkuak emateko boterea izango du, “berdintasun erreala lortzeko helburuz”. Berdintasun batzordearen lehen bileran parte hartzeko herritarrei gonbidapena luzatu diete.