Inoiz baino emakume gehiagok parte hartuko dute Lekeitioko triatloian
Zapatuan [ekainak 18] 16:30ean hasiko Garraitz kirol taldeak antolatutako 29. triatloian
Covid-19aren pandemiarengatik ezohiko formatua hartu behar izan zuen triatloiak, parta hartzaileak mugatuz, baina aurten indarberrituta itzuli da. 400 kirolarik baino gehiagok parte hartuko dute Lekeitioko 29. triatloian, 421 guztira, hain zuzen ere. Horietako 87 emakumeak izango dira, hau da, irteera lerroko %20a emakumeak izango dira, inoizko markarik onena. Luis Aretxabaleta Garraitz kirol talde antolatzaileko burua “oso pozik” agertu da hainbesteko parte hartzeagaz, emakumeena batez ere.
Lekeitiokoa Euskadiko Txapelketako proba nagusietako bat da, izen handia egin du azken urteetan zirkuituan. Kirolariek 750 metro osatu beharko dituzte igeriketan, 21 kilometro bizikleta gainean eta beste bost korrika. Lehenengo Isuntzako hondartzatik irtengo dira eta bi boia zeharkatu ostean itzuliko dira. Gero, bizikleta hartu eta Ugaran auzora arte joan eta etorriko ibilbidea osatu beharko dute, plazan pedalkadak emateari utzi eta korrika hasiko dira Santa Katalina itsasargira arte.
Hurrengo egunetan iragarrita dagoen tenperatura altuak direla eta, antolatzaileak parte hartzaileen mesederako ur txorrotak jarri nahi dituzte zenbait lekutan, euria bailitzan korrikalariak freskatzeko. “Ingurukoak ez daude hainbesteko beroagaz lehiatzera ohituta, arriskutsua izan daiteke, beraz, gure eskuan dagoen dena egingo dugu laguntzeko”, adierazi du Aretxabaletak.
Berezia da azken batean Lekeitioko triatloia: “Edozein lasterketak ez ditu 29 urte betetzen, gazte asko sartu dira Garraitz kirol taldeak laguntzen azkenaldia, triatloi herrikoia da gurea, herritarrek antolatzen duguna, eta urte askotarako jarraitu nahi dugu”. Koldo Goitia Lekeitioko alkateak bide beretik jo zuen aurkezpen ekitaldian. “Bere esfortzuren ondorioz, lasterketa hau Euskal Herriko goreneko mailan kokatzea lortu dute, kirolarientzako hitzordu berezia bilakatuz”, adierazi zuen. Horrez gain, balioan jarri nahi izan zuen taldeak urtean zehar egiten duen formakuntza lana, “zalantzarik gabe etorkizunean goi mailako kirolariak sortuko dituena”.
Gainera, aurten Euskadiko Selekzioak ospatuko duen Espainiako Autonomia Arteko Txapelketarako sailkagarria izango da. Maila absolutuan gizon eta emakumezkoetan 5 sailkatuko dira eta kadeteetan 4. Sariei dagokionez, txapeldunak 600 euro eta txapela irabaziko ditu, bigarrenak 440 euro eta garaikurra eta hirugarrenak 300 euro eta garaikurra. Lehen hamar sailkatuek irabaziko dituzte sariak. 23 urte azpiko lehen hiru sailkatuek ere sariak jasoko dituzte.