Normaltasunera itzuliko da Lekeitioko Nazioarteko Kale Arteen Jaialdia
32. Kaleka uztailaren 8, 9 eta 10ean ospatuko da herriko hainbat tokitan.
Lekeitioko Nazioarteko Kale Arteen jaialdiaren berpizkundea izango da aurtengoa. Azken bi urteetako pandemiaren ondorioz izandako gora beherak alde batera utzi ondoren, berriz ere normaltasunerako bidea hartuko du 32. Kalekak. Uztailaren 8, 9 eta 10ean hamalau ikuskizunetaz gozatzeko aukera izango dute lekeitiarrek eta kostaldera arte hurbiltzen diren denek.
Herriko kaleak ikuskizunez beteko dituzte, denak, “gune esanguratsuenetara zein ezezagunenetara kale arteak eramanez”. Ikuskizun gehienak herriko plazan emango badituzte ere, beste hainbat tokitara ere zabalduko dute 32. Kaleka: Portua, Abaroa Jauregia, Talako heliportua, Kofradia aurrea eta Uribarren parkea. Goiz, arratsalde eta gauez egongo dira ikuskizunak ikusgai.
Asko eta askotarikoak izango dira eskaini dituzten lanak, antzerkia, clownak, piroteknia edota malabareak, “gogoeta eragingo duten ikuskizunak” izango direla aurreikusi dute antolatzaileak. Espainiar Estatuko hamaika tokitako taldeak etorriko dira Lekeitiora arte, Katalunia, Madril, Galizia, Andaluzia, Murtzia eta, noski, baita euskal herritarrak ere.
Hamalau taldek part hartuko badute ere, beste asko izan dira haien proiektuak aurkeztu dituztenak deialdi handi eta zabalera, guztira 437 ikuskizunek eman zuten izena. Lehendabizi hamabi konpainia eta koletibo aukeratu bazituzten ere, “garapen edo sorrera prozesuan dauden bi konpainiaren lanak ere izango ditugu”, La Suricata Circusen Suricata Hoops ikuskizuna eta Ido Loca konpainiaren Agustime ikuskizuna, hain zuzen ere.
Bi talde hauek Scratch atalean parte hartuko dute, “garapenen edo sorrera prozesuan dauden lanak batzen ditu, kultur agente, artista, ikusle eta abarren arteko sormenezko elkar trukaketa garatzeko espazioak eskainiz”. Lekeitioko Nazioarteko Kale Arteen Jaialdiak hiru lan lerro desberdindu ditu aurten ere: Kaleka Scratch, Kaleka Ofiziala eta Kalekaz Blai. Atal ofizialak formatu ezberdinak lantzen dituzten konpainia eta kolektiboen lanak batzen ditu. Azkenik, Kalekaz Blaiek “esperimentazioarekin eta ikusleen parte hartze zuzenarekin lotutako akzioak hartzen ditu bere barnean”. Aurten, Bambolea konpainiaren Circus feria ikuskizunak izango da atal horretako partaide bakarra, uztailaren 10ean 17:00etatik aurrera plazan.