Elkarretaratzea egin dute Barakaldoko hilketa matxista salatzeko, Aulestin
Atzo [ekainak 16] 20:00etan plazan elkartu ziren “indarkeriarik gabeko bizitza izateko eskubidea” eskatzeko.
Joan den eguenean [ekainak 9] Ertzaintzak 53 urteko gizon bat atxilotu zuen Barakaldon, bere ama hiltzea egotzita. Horren harira elkarretaratzea egin zuten atzo [ekainak 16] 20:00etan, Aulestiko plazan, “hilketa matxista salatzeko eta emakumearen familiari eta lagunei elkartasuna adierazteko”.
Mugimendu feministak beste behin kaleak hartu zituen gizartearen egitura patriarkala salatzeko: “gizon batek muturreko indarkeria erabili duelako emakume baten kontraeta agerian geratu da berriro ere, zelako arriskua dagoen etxe barruan eta, oro har, gure bizitzetako espazio pribatuan”.
Nazkatuta daudela esan zuten eta indarkeriarik gabeko bizitza izateko eskubidea dutela. “Emakumeen bizitzak markatzen dituen egiturazko indarkeria matxista salatzeko eta benetako neurriak har daitezen eskatzeko” elkartu ziren Aulestin. Aurrerantzean borrokatzen eta kalera irteten jarraituko dutela aurreratu zuten, “indarkeria matxistarekin behingoz bukatu arte!”.