Nerea Arrien idazle lekeitiarrak irabazi du Xabier Lete Nazioarteko VI. Poesia saria
Saria irabazten duen lehen emakumea da, ‘Zoonomia’ lanagatik, hain zuzen ere.

Nerea Arrienek Xabier Lete Nazioarteko VI. Poesia saria irabazi du ‘Zoonomia’ lanagatik. Idazle lekeitiarrak atzo [ekainak 16] jaso zuen garaikurra Donostiako Koldo Mitxelena kultur gunean. Xabier Lete nazioarteko poesia saria Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura eta Euskara Departamentuak bi urtero banatzen dituen poesia sariak dira, Xabier Lete gipuzkoar idazlea, poeta eta abeslaria zenaren omenez.
Lekeitiarra izan da, hain zuzen ere, euskarazko nazioarteko poesia saria irabazi duen lehen emakumea. Aurretik, Karlos Linazasorok (2012), Luis Gardek (2014), Asier Serranok (2016), Juanjo Olasagarrek (2018) eta Jon Gerediagak (2020) irabazi dute. Sariketa honetan parte hartzeko baldintza, eta ezaugarri nagusietako bat, da lanak euskerazkoak izatea, originalak eta argitaratu gabekoak.
Poesia, berriz, ez da Nerea Arrienek lantzen duen estilo bakarra, asko dira, askotarikoak. Bere lehen liburua, ‘Pentsatzeko txokoa’, Lizardi saria irabazi ondoren argitaratu zen. Haur eta gazte literaturan ‘Atrapa eguna’, ‘Eskola hodeian’ eta ‘Etxegabetuak’ lanak argitaratu ditu. Helduentzako narratiban ere aritu da eta ‘Hirutter’ eleberria eta ‘Jende Likidoa’ narrazio liburua idatzi ditu.