Suak girotutako auzoetako jai handiak
Zenbait herritako jai nagusiak dira sanjoanak, baina auzoetan ere bada zer ospatu. Hala, udako egunik luzeenak aprobetxatzeko jaiak antolatu dituzte Lea-Artibaiko auzoetan.
Gertaera txarrak atzean uzteko eguna heltzear dago. Suaren ondoan dantzan egitekoa, eta sorginkeria, edabe eta konjuruez baliatuta, desio berriak eskatzekoa. Herrietako jai nagusietan murgilduko dira batzuk, baina zenbait auzotan ospakizun bereziak egingo dituzte. Izan ere, udako egun luze horiei aurre egiteko egitarauak prestatu dituzte Markina-Xemeingo Amallon eta Ondarroako Gorozikan.
Mezagaz hasiko dira jaiak ospatzen Ondarroako Gorozikan domekan. Ostean, Uxue Alberdiren eta Aitor Etxebarriazarragaren bertsoez gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Ohi modura, herri kirolek izango dute protagonismoa, eta harri jasotzaileen eta aizkolarien erakustaldia izango dute. Lierni Osa eta Jon Gisasola ariko dira harriak jasotzen eta Ugaitz Mugerza eta Aitzol Atutxa aizkorak astintzen. Eguna borobiltzeko, Unai Ibirik bere abereak erakutsiko ditu, eta trikitilariek girotuko dute arratsaldea.
San Joan bezperan, jaiak jarraituko du Gorozikan, ilunabarrean sua piztuko baitute. Barikuan, mezan elkartuko dira.
Markina-Xemeingo Amallo auzoak adin eta gustu guztientzako egitaraua prestatu du, beste urte batez. Suaren inguruan berotuko dira herritarrak ekainaren 23 gauean. Hala ere, hurrengo eguna izango da “egun handia”. Goizean herri kirolen erakustaldia egingo da, Aitor Etxaniz Olazar-ek idiaren kontra lehiatuko baitu. Idiak egiten duen untza bakoitzeko, Olazarrek metro bat egin beharko du. Proba amaituta, herri bazkarian elkartuko dira auzotarrak, eta 27. Mus Txapelketa lehiatuko dute.
Txapelketaren ordu berean, haurrentzako bertso antzerki mundiala egongo da, Alpistegia, eta, hori amaituta, umeentzako jolasek hartuko dute Amallo; besteak beste, Olazarko zubitik puentinga egingo dute. Arratsaldean, 31. Briska Txapelketak hartuko du mus txapelketaren lekua eta, gaua heltzerako, Mauriziak ez dau inor hil emanaldiaz gozatzeko aukera edukiko dute bertaratzen direnek: musika, bertsoa eta irudia uztartzen dituen obra da.
Ekainaren 25ean, zaldi probak egongo dira lehenengo, eta hiru txirlo txapelketa gero.
Egitaraua
Amallo
Ekainak 23, eguena. San Joan Bezpera.
– 22:00. San Joan suak eta txapliguak.
– 00:00. Txingarrak berrikusiko dituzte.
Ekainak 24, barikua. San Joan Eguna.
– 11:00. Ate irekiera.
– 12:00. Meza.
– Ondoren, Aitor Etxaniz Olazar gerri tiran eta Aldeko idiagaz buztarri bakarrean.
– 14:30. Herri Bazkaria
– 17:00. 26. Mus txapelketa
(izen ematea: 15 euro)
– Ordu berean, haurrentzako bertso antzerki mundiala, Eneko eta Aissagaz: Alpistegia.
Ekainak 25, zapatua. Zapatu Berdie.
– 12:00. Zapato Azule.
– 18:00. Zaldi probak: 20 minutuko saioak
– Ondoren. Zozketa.
– 20:00. 25. Hiru Txirlo Txapelketa. Super Bowl 2022.
– Ondoren. Afaria, Koldo Iturbe eta Joseba Andoni Urrutiak alaituta.
Gorozika
Domeka, ekainak 19.
– 12:00. Meza.
– Ondoren. Uxue Alberdi eta Aitor Etxebarriazarraga bertsolariak. Lierni Osa eta Jon Gisasola harri-jasotzaileak eta Ugaitz Mugerza eta Aitzol Atutxa aizkolariak.
– Bitartean. Umeentzako txokolate jana.
– Gero. Unai Ibiri bere abereekin.
– Arratsaldez. Naiara eta Izarra.
Ekainak 23, eguena.
– Ilunabarrean. Suak.
Ekainak 24, barikua.
– 12:00. Meza.