Erika Mugartegi eta Arai Lejardi Europako txapeldun izendatu dira
Maialen Aldazabal eta Ihart Arakistain hartu zituzten mendean zesta puntako finalean atzo [ekainak 19], Toulousen.
Neurria hartu diote Erika Mugartegik eta Arai Lejardik Maialen Aldazabal eta Ihart Arakistaini. Maiatzaren 14an Iruñeako Labrit pilotalekuan Espainiako txapeldun izendatu ostean, atzo [ekainak 19] Europako zesta puntako bikoterik onenean bilakatu ziren, Toulousen. Bi finaletan aritu ziren nor baino nor markina-xemeindarrak eta berrituarrak, emaitza berarekin.
Biek ala biek finalaurreko oso erosoa izan zuten frantziarren aurka zapatuan [ekainak 18]. Arakistainek eta Aldazabalek lehen tantotik erakutsi zuten haien nagusitasuna, lehen seteko emaitzak argi erakutsi zuen, 3-15. Bigarrenean, berriz, Mercadie eta Sorozabal bikoteak gehiago eta hobeto lehiatu zuen, 9-15 amaitu zen bigarren seta. Mugartegik eta Lejardik ere bide laburretik lortu zuten Europako txapelketako finalerako txartela. Lehen setean Laugie ahizpak ondo hasi baziren ere, tantoak aurrera joan ahala, markina-xemeindarrak gehiago izan ziren, 8-15 gailendu ziren lehen setean. Bigarrenean joera hori handitu besterik ez zen egin eta 4-15 irabazi zuten.
Final handia guztiz desberdina izan zen, askoz ere berdinduagoa, azken batean bi bikoteak ondo baino hobeto ezagutzen dute, asko jokatzen dute elkarren aurka. Lehen seta izan zen adibiderik onena. Lau puntistek maila bikaina erakutsi zuten, tantoak luzatuz eta aukera izaterakoan barkatu gabe. Azken tantoan, hain zuzen ere, erabaki zen lehen seta, markina-xemeindarren alde, 15-14. Mugartegi eta Lejardiri indarra eman zien lehen garaipenak, eta Aldazabal eta Arakistaini kendu. Berdintasuna nagusitzen jarraitu bazuen ere, azken tantoetan huts gutxiago egin zituzten Espainiako txapeldunek eta bigarren seta 15-12 irabazi Europako txapeldun izendatzeko.