Lekeitioko jaialdi antiarrazista "oso emankorra" izan da
Lekittoko Ongi Etorri Errefuxiatukoek balorazio “oso ona” egin dute asteburuko ekintzetaz.
Gaur [ekainak 20] da nazioarteko errefuxiatuen eguna, aurrea hartuz Lekittoko Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak Galsen Batuak eta Lekittoko senegaldarren elkarteekin elkarlanean asteburuan antolatu zuen lehen jaialdi antiarrazista. “Asteburu oso emankorra izan da, ondorio, proposamen eta ideia asko atera ditugu etorkizunean lan egi ahal izateko”, adierazi dute antolatzaileek.
Parte hartzea oso handia izan da asteburuko ekimen denetan, “espero baino handiagoa lehen jaialdia izateko”. Eguraldiak egitaraua asko baldintzatuko bazuen beldur baziren ere, ekintza denak aurrera eramateko gai izan dira. Zapatuan batez ere, behin Lekeitioko 29. triatloia amaitu zenean, asko izan ziren Abaroa parkera arte hurbildu zirenak. Horrez gain, parte hartzaileak anitzak izan dira, adin, sexu eta jatorri desberdinetakoak. Hala ere, ezin izan dute kolektibo denetara heldu, “latinoamerikarren iritzia eta elkarlana faltan bota dugu, hurrengo ekitaldietara begira hobetu beharreko gai bat da”.
Egitarauko ekintza garrantzitsu eta nagusietako bat domeka [ekainak 19] goizeko ‘etxebizitza, lan baldintzak… premiak eta ekintzen proposamenak’ izenpeko solasaldia zen. Lekeitioko elkarte, eragile eta norbanako askok hartu zuten hitza, talde feministetatik etorkin elkarte desberdinetara, guztira 30 pertsona inguruk parte hartu zuten. Solange Diatta dinamizatzaileak sarrera hitzaldia eman zuen, “oso indartsua” izan zela nabarmendu dute, lehen pertsonan azaldu baitzituen berak bizitakoak.
Hiru talde osatu zituzten eta bakoitzean solasaldia bi zatitan banatu, batetik, migratuen premiak identifikatu, eta bestetik, egoera horietarako proposamenak eta irtenbideak eman zituzten. Orain, solasalditik ateratako ondorioak aztertzen ari dira, dokumentu batean biltzen, aurrera begira lan egin ahal izateko. Epe laburrera beste bilera bat antolatu nahi dute, baliabide gehiago bildu ahal izateko eta etorkizunerako ekintza gehiago burutu ahal izateko.