Leartibai Fundazioak Healcier proiektu europarra amaitu du
Proiektuak osasun arretaren balio katearen lehiakortasuna hobetzea izan du helburu.
Bidarten (Ipar Euskal Herria) eman zuen amaitutzat maiatzaren 30ean Leartibai Fundazioak Healcier proiektua. Urtebeteko iraupena izan duen proiektu europarra Leartibai Fundazioak gidatu du beste sei bazkidegaz batera: Euskadiko Biocruces eta Ezkerraldea Enkarterri Gurutzeta ESI; Nafarroako Navarrabiomed, Ain, eta Nafarroako Ospitalgunea; eta Akitaniako (Ipar Euskal Herria) Estia.
Helburua izan da osasun-arretaren balio-katearen lehiakortasuna hobetzea, ekonomia zirkularraren printzipioak ezarriz. “gakoa da osasunaren sektorea hobetzea eta ingurune osasungarri bat garatzea etekin ekonomikoa sortzen duten negozio-ereduen bidez, baina betiere onura sozialarekin eta sistema naturalak leheneratuz”, adierazi dute.
Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean eta Nafarroako Unibertsitate Ospitalean ekonomia zirkularraren analisi sakona egin dute, lehentasunezko ardatzak identifikatu ahal izateko. Ondoren, urte osoan egindako ekintzak eta lortutako emaitzak aztertu dituzte, aukera berritzaileak lortzeko.
Barakaldon, esate baterako, maskarak birziklatzeko proiektu bat garatu dute. Horrez gain, salgaien garraio ibilbideak optimizatzeko ekimen berri bat jarri dute martxan C02 isurketak murrizteko helburuagaz. Beste alde batetik, Nafarroako Unibertsitate Ospitalean, maskarez gain, polipropilenozko sukaldeko buruko estalkiak birziklatzeko kanpaina ere jarri dute abian.
Healcierreko bazkideek ondorioztatu dute ekonomia zirkularra “erronka handia” dela osasun-zentroen kudeaketarako, “bizi-proiektu bat da, garatzen jarraitu beharrekoa, sortzen duen ingurumen-, ekonomia- eta gizarte-onuragatik”. Horregatik, proiektua amaitu bada ere, bi zentroetan jarraituko dituzten hurrengo lan-ildoak ezarri dituzte dagoeneko, eta etorkizun hurbilean gauzatuko dituzten proiektuak ere zehaztu dituzte.