Lekeition etxe bat lortzeko azken deia egin dute
Herritarrei eta udalari laguntza eskatzeko azken deia egin dute gaurko [ekainak 21] agerraldian
Lekeition etxebizitza bat lortzeko azkenengo saiakera egin dute gaur [ekainak 21] bost kidek –bi guraso eta adin txikiko hiru umek– osatzen duen familiak. Udaletxe aurrean egindako agerraldian herritarren eta udalaren laguntza eskatu dute, barikuan 11:00etan kaleratuak izan baino lehenago herrian alokairuko etxe bat aurkitzeko.
Lekittoko Ongi Etorri Errefuxiatuak taldekoek babesa erakutsi nahi izan diete, eta horrez gain, atxikitu egin dira Lekeitioko eskola publikoa eta hango guraso elkartea, Azkue Ikastola, Lekittoko Mugimendu Feministia eta Lekittoko Senegaldarren elkartea.
Herritarren laguntza eta elkarlana eskatu dute agerraldian. Hiru egunetan bost kiderentzako urte osorako alokairuko etxe bat bilatzen ari dira. Horregatik, mezua ahalik eta gehien zabaltzea nahi dute, «aukera gehiago izan ahal izateko». Norbaitek laguntza eskaini edo informazioa nahiko balu, harremanetrako etxeaorain@gmail.com helbide elektronikoa erabili dezake.
Etxebizitza «oinarrizko eskubide» bat dela gogoratu dute agerraldian eta Lekeition badaudela etxebizitzak, «etxe hutsak, hain zuzen ere». Udalari egoeraren berri eman diotela azpimarratu dute, eta ez dietela «inolako beste aukerarik» eskaini: «Ez herrian bertan, behintzat, jasotako erantzuna beste herri batzuetara bideratzearena izan da. Baina ez al dute ba Lekeition bizitzeko eskubiderik? Zergatik gehitu sufrimendua familiari? Migratu beharra ez da nahikoa?». Udalari «urgentziazko» irtenbide bat ematea eskatu diote eta horrelako kasuei erantzuteko «plan eraginkor bat» garatzea, gaur egun gero eta gehiagotan gertatzen diren egoerak direlako.
Azken bidea. Familia 2018ko irailean heldu zen Lekeitiora, eta azken lau urteak etxe berean eman ditu. 2021eko urrian sinatuta zuten kontratua amaitu zitzaien, eta jabeak jakinarazi zien ez ziela kontratua berrituko. Herrian beste etxe baten bila hasi ziren orduan, alokairuan bizitzen jarraitu ahal izateko, baina «ezinezkoa» izan zen, eta zeuden etxean jarraitzea erabaki zuten. Jabeak, berriz, «muturrera» eraman zuen erabakia eta salaketa jarri zuen epaitegietan. Hala, «barikurako etxea hutsitu ezean, epaitegiko epaia betez indarrez kaleratuak izango dira»