Duten denarekin aterako dira berriatuarrak San Pedro jaietara
Gaur hasi eta uztailaren 3ra arte luzatuko dira San Pedro jaiak. Berritxu bertsolaritza saria berreskuratu dute eta tortilla patata txapelketa mantendu
Herritarrek herritarrentzako prestatutako jaiak. Horrelakoak dira Berriatuko San Pedro jaiak. Gaur [ekainak 24] hasita, ekintzak uztailaren 3ra arte luzatuko dira. Aurten gainera atzean utziko dituzte azken bi urteetako pandemiak eragindako murrizketa eta egitarau moldaketak. Duten denarekin aterako dira berrituarrak kalera.
Gaur [ekainak 24] bertan, denborarik galdu gabe, Berritxu Saria berreskuratu du Goikolu elkarteak udalagaz elkarlanean urte askoren ondoren. Goi mailako zortzi bertsolari gazte elkartuko dira 19:00etan bideo gelan. Euskal Herriko hainbat tokitik: Beasaingo June Aiestaran, Gasteizko Maddi Agirre, Barañaingo (Nafarroa) Beñat Astiz, Sareko (Ipar Euskal Herria) Haira Aizpurua, Ermuako Irune Basagoiti, Mallabiako Araitz Katarain, Algortako June Diaz eta Mungiako Izaro Bilbao.
Bihar [ekainak 25] herriko ausartenek 10:30ean ekingo diote triatloi herrikoiari. Lasterketa taldeka osatzeko pentsatua badago ere, bakarka egin daitekeela zehaztu dute. Hori bai, hamalau urte baino gehiagoko berrituarrek bakarrik eman dezakete izena. Parte hartzaileek hurrengoko erronkari egin behar izango diote aurre. Lehendabizi, 500 metro igeriketan, gero hamabi kilometro bizikleta gainean eta azkenik 2,6 kilometro korrika.
Aukerak nahieran. Ostean 14:30ean herriko plazan ensalada eta patata tortilla txapelketa jokatuko da. Jaietako hitzordua garrantzitsuenetako bat da zalantzarik gabe, kuadrilak elkartu egiten dira eta giro zoragarria sortu. Horrez gain, asko dira sabela bete ostean Ondarroako Zapato Azulera joan ohi direnak. Hala ere, Berriatuan ere egongo da zer egina, 18:00etan hasiko baita bolo txapelketa herrikoia.
Ikuskizunetarako tarte handia ere zabaldu du udalak eta jai batzordeak. Martitzenean 19:00etan Legea gu gara kale antzerkia eskainiko du Barsanti konpainiak. «Umoreari eta gaurkotasun sozialari heltzen diete, pertsonaia barrez lehertzekoekin eta espazioaren erabilera lotsagabe batekin, ustekabea ustekabearen ondotik kateatuz», esan dute.
Eguaztenean ospatuko dute herriko jai nagusia, ekainaren 29a baita, hain zuzen ere, San Pedro eguna. 12:00etan bi aukera zabaldu dituzte. Batetik, frontoi txikian gazte eta nagusi mailako eskuzko pilota partidak jokatuko dira. Bestetik, elizan meza nagusia emango dute. 19:00etan Rojo Telon konpainiak Nudo zirku eta kale antzerki ikuskizuna emango du herriko plazan.
Ura protagonista. San Pedro Txiki egunean, herriko txikienen txanda izango da. Puzgarriak eta ur-irristagailua nahieran erabiliko ahalko dituzte egun osoan, goizean 11:00etatik 13:00etara eta arratsaldean 16:00etatik 18:00etara, herriko plazan. Geldiune bakarra egingo dute, 14:00etan umeen bazkarirako. Ekainaren 28a da tiketak erosteko azken eguna udaletxean. Hori gutxi ez, eta 16:00etan hasiko da apar festa plazan. Egunari amaiera emateko gazteenek ‘Batiburrillo’ diskotxiki mobila izango dute 18:00etatik aurrera.
Asteburuan ere egitarauak ez du etenik izango. Uztailaren 1ean 21:00etan zestalari ohien txapelketako finalak jokatu dituzte Mendibarren frontoian. Zapatuan zesta eskutik kendu barik, zesta jolasak jokatuko dira 16:00etan eta 18:00etan zumba solidarioa antolatu dute.
Egitaraua:
Gaur, ekainak 24
19:00. Berritxu saria, bideo gelan.
Bihar, ekainak 25
10:30. Triatloi herrikoia.
14:30. Ensalada eta patata tortilla txapelketa, herriko plazan.
18:00. Bolo txapelketa herrikoia, elizpeko plazan.
Ekainak 28, martitzena
19:00. ‘Legea gu gara’ kale natzerkia Barsanti konpainiaren eskutik, herriko plazan.
Ekainak 29, eguaztena, San Pedro eguna
12:00. Eskuzko gazte eta nagusi mailako pilota partidak, frontoi txikian.
12:00. Meza nagusia, elizan.
19:00. ‘Nudo’ zirku eta kale anzterki ikuskizuna Rojo Telon konpainiaren eskutik, herriko plazan.
Ekainak 30, eguena, San Pedro txiki eguna
11:00-13:00. Puzgarriak eta ur-irristagailua, herriko plazan.
13:00. Umeen bazkaria. Izena emateko azken eguna 5 euroren truke ekainaren 28a.
16:00-18:00. Puzgarriak eta ur-irristagailua, herriko plazan.
16:00-17:00. Apar-festa, herriko plazan.
18:00. ‘Batiburrillo’ diskotxiki mobila, herriko plazan.
Uztailak 1, barikua
13:00. Agertxo Pirata irteera eta porrotxekin kantu eta dantza.
21:30. Zestalari ohien txapelketako finalak, Mendibarren frontoian.
Uztailak 2, zapatua
16:00. Zesta jolasak.
18:00. Zumba solidarioa.
Uztailak 3, domeka
11:30. Umeentzako herri kirolak.
14:00. Paella solidarioa. 5 euro plater bakoitzak.
16:00. Agertxo pirata iritsiera: ekitaldia, ene kantak, Iñigito Txapelpunk