Legarmendi jardunaldiak antolatu dituzte, Berriatuan
Berriatuko Udalak, Goiko Lau Elkarteak, EHUk eta Ahaztuen Oroimenak hainbat ekintza egingo dituzte.
1936ko Espainiako gerra Zibilean Berriatuko Legarmendi mendia gune estrategiko bat izan. Horren inguruan ariko dira uztailaren 2tik 10era Berriatuko Udalak, Goiko Lau Elkarteak, EHUk eta Ahaztuen Oroimenak antolatutako Legarmendi jardunaldietan. Hainbat ekimen antolatu egingo dituzte tontorraren defentsa posizioa aztertzeko.
Zapatuan, uztailaren 2an, emango diete hasiera jardunaldiei Berriatuan. 19:00etatik aurrera Goiko Lau Elkartearen egoitzan, eta Josu Santamaria arkeologo adituaren zuzendaritzapean, “Legarmendiko 36ko Gerrako defentsa posizioan esku-hartze arkeologikoa” proiektuaren aurkezpena osatuko dute. Bertan zabalduko dute, hain zuzen ere, lanketaren inguruko argazkiak eta Berriatuko gerra garaiko argazki eta dokumentuen erakusketa. Uztailaren 2, 8 eta 9an 18:30etik 20:00etara egongo da ikusgai eta uztailaren 3 eta 4an 12:30etik 14:00etara.
Uztailaren 9an, zapatuan, 09.00etatik 14:00etara Legarmendira joko dute. 1936ko gerrako posizioaren indusketa lanetan laguntzeko auzolan deialdia zabaldu dute. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, borondatezko lan bat da, eramangarria izango dena eta eskularruak eramatea gomendatzen dute.
Azkenik, uztailaren 10ean, domekan, indusketa lan horiek hobeto ezagutzeko bisita gidatua osatuko dute. 10:00etan jarri dute hitzordua Berriatuko udaletxe aurrean edo 11:30ean indusketa tokian. Lan taldeak azalpen zehatzak emango ditu, besteak beste, kokapen historikoa egingo dute, egindako lanaren berri eman, metodologia azaldu edota aurkitutakoa erakutsi. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, batez ere auzolan deialdian eta bisita gidatuan parte hartzeko ez dago izena eman beharrik.
Memoriaren defentsa. Asko izan dira Ahaztuen Oroimenak elkarteak azkenaldian Lea-Artibai eskualdean antolatu dituen jardunaldiak beste eragile batzuekin. Martxoaren amaieran Etxebarrian Jose Mari Agire Egixarre herriko semea izan zuten gogoan eta bertan Gerra Zibilean deportatuak izan ziren sei herritarren kasuak aztertu zituzten. Gero, apirilaren 26an Munitibarren duela 85 urteko bonbardaketa izan zuten gogoan eta “Memorien lekuak” egitasmoa jarri zuten martxan.