Musika eta abestiekin ospatu dute San Pedro Txiki Eguna Lekeition
Eguzkilore jubilatuen abesbatzak herriko kaleak doinuz bete ditu gaur [ekainak 30].
San Pedro Eguna pasa den arren, oraindik asko dute ospatzeko Lekeitioko jaietan. Eguzkilore jubilatuen abesbatzak kantatu duen bezala, “atzo izan zen San Pedro Eguna, gaur San Pedro Txiki eta bihar San Pedro Baltza”. Gaur [ekainak 30] musika eta abestiak izan eta izango dira protagonista nagusiak.
11:30ean buruhandi eta erraldoiek hartu dituzte kaleak Lekittoko Itxaropena txistulari elkarteak animatuta. Gero, kantuen tartea izan da. Lekeitioko Eguzkilore jubilatuen abesbatzarentzat egin duen euri apurra ez da oztopo izan aurreikusitako hiru geldialdiak osatzeko: Marina tabernan, udaletxeko eskaileretan eta Baserri tabernan. Txalo artean omendu dituzte nagusiak.
13:00etan hasi da Kaiganetik Eskolaperainoko Lekitto musika bandaren kalejira, gero bertan egin baitute erromeria.
Arratsaldean 18:00etan lehiatuko da 40. Irrintzi txapelketa Talan, baina 30 minutu lehenago eman beharko dute izena parte hartzaileek. Mugitu barik, ostean, Gaurgi taldeak erromeria eskainiko du eta 23:00etan abiatuko da udaltxera arteko azken kalejira.