Lau eguneko jai giro herrikoia
Gaurtik astelehenera arte, San Martin jaiak ospatuko dituzte Amoroton. Adin tarte denentzako egitaraua atondu dute: musika, herri bazkaria edota dantza izango dira.

Amorotoko herritarrak jai gosez daude. Koronabirusaren pandemia egoerak urte biko etenaldia ekarri ondoren, aurten San Martin jaiak normaltasunez eta “inoiz baino gogotsuago” ospatuko dituzte. Amorotoko jai batzordeko antolakuntza lantaldeak argi eta garbi dauka: “Amorototarrek izugarri maite dituzte San Martin jaiak, herri osoak begi onez hartzen ditu, eta, hori dela eta, adin tarte guztiei egokitutako egitaraua egongo da”.
Lau egunez egongo da Amoroto jai giroan murgilduta: gaurtik astelehenera, hau da, San Martin egunera arte; tartean, kontzertuak, dantza emanaldia, paella txapelketa, herri bazkaria, mezak, txokolate jana zein poteo herrikoia egingo dituzte. Egitaraua gaur ipiniko dute abian, Txan Txun Txun jaietako pertsonaiaren igoeragaz. Antolatzaileek argitu dutenez, Txan Txun Txunen igoera ez da betidanik egin, baina azken urteotan “esangura nabarmena” hartu du herriko jaien egitarauaren barruan; San Migel auzotik Elexalde ingurura igoko dute eta, jarraian, jaiei hasiera emango dien txupinazoa jaurtiko dute plazan.
Hamar lagunartek izena eman dute paella txapelketan: denetara, 241 lagunek
Txupin hotsari kontzertuetako dezibelek emango diote jarraipena. Izan ere, herriko pilotalekuak musika emanaldiak hartuko ditu: Saia Goait, McOnak eta Brigade Loco taldeen kontzertuak. Antolatzaileek “eskualdeko edo, behintzat, inguruko taldeek kontzertua ematea” bilatu dute: “Saia Goait Mutrikuko taldea da; McOnakekoak, aldiz, Lekeitiokoak dira eta, gainera, disko berria kaleratu berritan daude; Brigade Locori dagokionez, Euskal Herri mailan sona hartu duen taldea da”. Bariku goizaldean, musikak ez du etenik edukiko: herriko plazan, 02:30etik aurrera, Zirkinik Bez erromeria izango dute bertaratzen diren guztiek.
Zapatuko egitaraua “bereziki adin tarte guztietakoak biltzeko” diseinatu dute. Kuadrillen paella lehiaketak emango dio hasiera eguneko ekimen sortari. Dagoeneko, hamar lagunartek izena eman dute paella txapelketarako, denetara, 241 herritarrek. Parte hartzaile kopuru horregaz “oso asebeteta” agertu dira antolakuntzakoak: “Amorotarrek jaiekiko daukaten inplikazio ikusgarria bistaratzen du”. Gainera, aurkeztuko dituzten paellak giro ederrean jango dituzte behin lehiaketa amaituta, 15:00etan kuadrillen bazkari herrikoia egingo baitute.
Lea-Artibaiko kirolari, musikari eta bertsolarien plaza izango dira jaiak
Eskualdekoei babesa. 18:30ean, esku pilota partidua izango da frontoian. Jai batzordekoek “eskualdeko pilotarien aldeko hautua” egin dute. Mikel Goñi eta Madari Urionaren eta Ibarzolaren aurka ariko dira. Frontoitik kalera egingo dute amorototarrek eta hurreratzen direnek, bertso triki poteoa egongo baita. Egitasmo horretan ere tokiko bertsolariei plaza eskainiko diete: Garazi Navarro Amorotoko herritarra, Toko lekeitiarra eta Nerea Ibarzabal markina-xemeindarra. Herriko plaza kontzertu eta ospakizunez jantziko da, 23:00etan, Azken Sustraiak taldeagaz eta Urrats erromeriagaz.
Domekan, hildakoen aldeko meza egingo dute 12:00etan, eta, ondoren, 14:30ean, hirugarren adinekoen bazkaria egongo da. Arratsaldean, umeentzako jolasak, apar jaia eta txokolate jana egongo dira. “Umeak eta adinekoak jaietako partaide egin gura ditugu”, azaldu dute jai batzordeko kideek. 20:00etan, tradizioari jarraituta, salbea egingo dute. Astelehena, San Martin Eguna, mezagaz abiatuko dute; jarraian, egun horretako “une gorenetako bat” biziko dute: herriko Arta Nagusi taldearen emanaldia. “Hainbat adinetako dantzariak bikain ibiltzen dira plazan, eta bertaratzen direnei pila bat gustatzen zaie”. 17:30ean, frontoian, mus eta briska txapelketa egingo dute. Muserako 16:15etik 16:45era eta briskarako 16:45etik 17:15era izena behar beharko da, hurrenez hurren, bikoteko 15 eta 10 euro ordainduta. Mus txapelketako irabazleek 200 euroko saria jasoko dute eta briskakoek 150 eurokoa.
“Inguruko jaietan emandakoak” kontuan izanda, jai batzordeak argitu du Amoroton “ez dela inongo erasorik onartuko”: “Geurea indarkeriarik gabeko espazioa da; beraz, puntu morea ere jarriko dugu”. Era berean, Lea-Artibaiko Gababusak zerbitzu bereziak emango ditu, eskualdeko udalerrietatik Amorotora joateko eta itzultzeko.
EGITARAUA
Gaur, uztailak 1.
20:00. Txan Txun Txunen igoera San Migeletik eta, jarraian, txupinazoa.
22:30. Kontzertuak, frontoian: Saia Goait, McOnak eta Brigade Loco .
02:30. Erromeria, plazan: Zirkinik Bez.
Bihar, uztailak 2.
12:30. Kuadrillen paella lehiaketa.
15:00. Kuadrillen bazkari herrikoia.
18:30. Esku pilota partidua: Mikel Goñi-Madari /Uriona-Ibarloza.
Ondoren. Bertso-triki poteoa.
23:00. Kontzertuak, plazan: Azken Sustraiak eta Urrats.
Etzi, uztailak 3.
12:00. Hildakoen aldeko meza.
14:30. Hirugarren adinekoen bazkaria.
18:00. Umeentzako puzgarriak.
20:00. Apar jaia.
Ondoren. Txokolate jana.
20:00. Salbea.
Uztailak 4, astelehena. San martin Eguna.
11:30. Meza nagusia.
Ondoren. Amorotoko Arta Nagusi taldearen saioa.
17:30. Mus eta briska txapelketa, frontoian.
21:00. Txirrist txaranga.
23:00. Kontzertuak, plazan: Gozategi eta DJ Bull.