#AgertxoPirata erronka babestuta burutu dute
Ekimenaren balorazio positiboa egin dute, lan taldearen jarrera eta jendearen harrera gako bilakatu dira ibilbidearen helburuak betetzeko.
Ander Txakartegi Helmugak proiektuko sustatzaile berriatuarra eta bere sei lagunak #AgertxoPirata erronka osatuta heldu ziren Berriatura domekan, 700 kilometro eta 14.000 metroko desnibel positiboa oinetan zituztela.
Uztailaren 1ean atera ziren Berriatutik, eta ondo baino hobeto lagunduta hasi zuten ibilbidea, eta hain zuzen ere, ibilbide guztian zehar “babes ikaragarria” sumatu dute. Txakartegiren esanetan “pila bat jende batu zaigu ibilbide guztian, harrituta geratu gara izandako oihartzunagaz”. Erronka gogorra zen, kilometro asko izateaz gain desnibel handia zuelako, baina “jendearen jarrera eta harrera ikusita, merezi izan du”.
Inguruko jendearen babesa izango zutela esperotakoa zen, baina kanpoan ere jendeak ekimenaren berri zuela sumatu dute, eta hori “pozgarria” izan da taldearentzat. BideanĀ erronkagaz bat egin eta bizikleta gainera igotzera animatu direnak asko izan dira. Bereziki gogoratzen du Txakartegik 20 urteko gazte batek emandako indarra “egun oso bat igaro zuen gurekin batera erronkan, ondoren, sareen bidez eskerrak eman zizkidan, minbizia igaro zuela eta ekimenaren berri izatean, bat egin nahi izan zuela esanez. Igandean aitarekin etorri zen helmugara, hunkitu egin ninduen”. Hainbat historia, hainbat bizipen eta helburu bakar bat.
“Lan talde izugarria izan dugu, bai bizikletaz etorri direnak, eta baita autoan etorri direnak ere, guztiek egin dute posible eta ahaztezin esperientzia”. Ekimenaren bidez bildutako dirua Aspanovas Bizkaiko minbizidun haur eta nerabeen gurasoen elkartearentzat izango da. “Helburua ez da soilik ekonomikoa izan, ekimenak izan duen oihartzunak ere asko balio du”. Sortu duten mugimenduaren eta ikusgarritasunaren garrantzia haratago doa, eta joango da.