Elkarretaratzea egin dute udal langile batek jasandako erasoa salatzeko
Zapato Azulean gertatutako eraso matxista batean esku hartu zuen udaltzain batek jasandako erasoa salatu dute, "Eraso matxistarik ez! Ondarroako udal langileei erasorik ez!" lelopean.
Ondarroako Udal langileak, udaleko enpresa komiteak eta Udaleko LABeko atal sindikalak “irmoki” salatu dituzte ekainaren 25ean, Zapato Azulean, gertaturiko eraso matxistak eta erasoek sortu zuten erantzunaren ondorengo erasoa udal langile bati. “Gure babesa eta gure elkartasuna erasotutako pertsonei eta, baita ere, Ondarroako udal langileari ere”.
LAB Sindikatutik eskatu dute masifikatutako jai eta ekitaldietan arreta berezia jartzea, “langileen osotasun fisikoa eta osasuna bermatu aldera, jakin badakigun arren gertaera batzuk erantzun zuzentzaile zailak dituztela eta, tamalez, horrelako erasoek beste ezaugarri batzuk dituztela”. Herriko udal langileek horrelako egunetan jasan behar izaten dituzten lan karga, eraso eta beraien lana burutzeko eragozpenak azpimarratu nahi izan dituzte.
Bestalde, sindikatutik Ondarroako Udalagaz batera langileen aldarrikapenekin bat egin dute, “beraien lana hobetze aldera sakon aztertu beharko dugu aurrerantzean arazo eta eragozpen guzti hauei konponbide bat emateko modua”.
Azkenik, aipamena eta babes osoa eskaini diote herriko hainbat eragilek eta udalak eraso matxistei aurre egiteko duen protokoloari. “Behin betikoz eraso matxista eta homofoboak amaitu daitezela eskatzen dugu. Erasorik ez! Ez Ondarroan, eta ez inon!”