Lekeitio eta Mendexa arteko Errege Bidea ezagutuko dute
Ibilbide gidatua antolatu du Denboraren Bankuak eguaztenerako [uztailak 6]. Mendexako Zubian jarri dute batzeko ordua. Nahi duten guztiek parte hartu dezakete.
Denbora Bankuak antolatuta, Lekeitio eta Mendexa batzen dituen Errege Bidean zehar ibilaldi gidatua egingo da eguaztenean [uztailak 6]. Ibilaldian geldiuneak egingo dira, gainera, hainbat tokitan, bertako historia edo ezaugarriak ezagutzeko.
Geldialdiak ondorengo guneetan egingo dira: Villa Itsaso, Likona auzoa, Leagi dorrea, Lea ospitalea, Zubieta jauregia, Leako ontziola eta Marea errota. Ibilbidea, Sosoaga Dolarearen bisitagaz amaituko da. Villa Itsasoko Gillermo Ruiz de Erantxunek bere etxearen azalpenak emango dituela jakitera eman dute antolatzaileek, eta bideko beste guztiak Denbora Bankuaren taldeko Julian Arratek emango ditu.
Guztira 4 kilometroko ibilaldia izango da, eta antolatzaileek azpimarratu dutenez, ibilbideak ez du zailtasun handirik. Ostera, aukera emango du ezagunak ez diren inguruko hainbat gauza ikasteko. Parte hartu nahi duten guztiek Lekeitio eta Mendexa arteko zubian egon behar dute 17:30ean. Ekintza hau izango da udazkenera arte Denboraren Bankuak antolatuko duen azken ekitaldia. Mendiko zapatilak eramateko gomendioa egin dute.