Lekitto Bedarra elkarteak Konpost Teagaz amaitu ditu ekaineko ikastaroak
Azken ikastaroa ere "ondo" joan dela azaldu du elkarteak. Eguen guztietan elkartzen jarraituko dute, eta "ondo pasatu nahi duten guztiei" bertara hurbiltzeko gonbidapena luzatu diete.
Konpost Tea ikastaroagaz eman diote amaiera ekaineko Auzolan hileari Lekitto Bedarra taldekoek. Hilabete osoan, era askotako ikastaroak eskaini dituzte, elkartearen 10. urteurrenaren harira, eta bata zein beste, erantzun ona izan dute. Jakinarazi dutenez, Konpost tea ikastaroa ere “oso ondo” joan da.
Guztira, zortzi lagunek parte hartu zuten, eta Imanol Barainka taldeko kidearen eskutik konpost naturala egiten ikasi dute. “Konposta erabiliz, euri edo putzuko ura eta melaza edo azukra naturala gehituz, eta haizetu ondoren, zelako ongarri eta landareak indartzeko produktua lortu daiteken ikasi dute. Gastu handirik egin barik eta osasuntsua natura eta landarentzako”. Ordu eta erdiko saioan, hain zuzen ere, teoria barneratu, nahasketa egin eta prest utzi zuten hurrengo egunean erabilgarria izateko.
“Ekaineko tailerrak amaitu badira ere, taldeak eguen guztietan Usotegin batzen jarraituko du, 16:00etatik 18:30etara, ortuko lan desberdinak egiteko: landaren zainketa, tratamenduak, uzta batzea, ortuari gehiago landatu eta erein…”, jakinarazi dute Lekitto Bedarra elkartekoek. Eta, “ondo pasatu nahi duten guztiei” bertara hurbiltzeko gonbidapena luzatu diete. “Ongietorriak izango dira”.