Ondarroako Udalak ETE Ligako herriko estropada babestuko du
Gizonezkoen eta emakumezkoen estropadek diru kopuru berbera izango dute saritan. Ondarroa da berdintasunaren aldeko apustu hori egiten duen lehendabiziko udalerria.
Abuztuaren 6an, Ondarroak ETE Ligako estropada hartuko du: 38. Ondarroako Bandera-Ondarroako Udala Sari Nagusia. Kirol gertakari horren aurrean, Ondarroako Udalak gaur-gaurkoz beste udalerri batek ere hartu ez duen neurria martxan ipiniko du: emakumezko arraunlariei gizonezkoei ematen zaien dirusari kopuru berbera emango zaie.
Izan ere, ETE Ligako Ondarroako Banderako babeslea Ondarroako Udala izango da, eta babesletza horrek genero arteko berdintasunerako bidean aurrerapauso oso esanguratsua suposatuko du. Aurtengo estropadan, denetara, 9.000 euro banatuko dituzte antolatzaileek saritan; emakumezko arraunlariek maila horretako gizonezkoek bezainbesteko sari ekonomikoa jasotzeko aukera izango dute. Hain zuzen ere, Ondarroako Udala eta Ondarroa Arraun Elkartea dira neurri hori hartu duten lehendabizikoak.
Udaleko kirol zinegotziak, Nagore Badiola Alberdik, “inflexio puntutzat” jo du erabaki hori, eta “kirolean berdintasunaren alde egitearen esangura” nabarmendu du: “Kirola erreferentziazko arloa da hainbatentzat, eta oso garrantzitsua da berdintasunean oinarritutako politikak lantzea”. Zunbeltz Bedialauneta alkateak ere, ildo beretik egin, eta, gainera, Ondarroa Arraun Elkartearen lana azpimarratu gura izan du: “Herriko arraun elkartean betidanik izan da oinarria emakumeen kirola bultzatzea eta, jakina, berdintasunean oinarrituta behar egitea; gure ekarpen hau beste urrats bat baino ez da bide horretan”.
“Esanetatik ekintzetara”.
Ondarroako Udaleko berdintasun zinegotzi Irina Alkorta eta Ondarroa Arraun Elkarteko lehendakari Koldo Aspiazu bat etorri dira egitasmo horren alde egiterakoan. Alkortak adierazi duenaren arabera, «berdintasunagaz ahoa bete ohi zaigu sarritan, baina erabaki hori berdintasunaren alde argi eta garbi apustua egitea da, beste berba batez, esanetatik ekintzetara pasatzea».