Sankristobalak ospatuko dituzte Iturretan eta Oizen
Era askotako ekimenak izango dituzte jaiekin gozatzeko. Oizen trikitilariek girotuko dute giroa; Iturretan, zozketa bidez, 1.000 euro irabazteko aukera egongo da.
San Kristobal Jaien esperoan egon dira Lea-Artibaiko herritar asko eta asko. Itxaronaldi luzearen ostean, asteburu honetan ospatuko dituzte sankristobalak Iturretan eta Oizen.
Markina-Xemeingo Iturreta auzoan ere jai eguna izango da domeka [uztailak 10]. 10:00etan ekingo diote jaiari, Iturretako 36ko gerrako fronteko bunkerretara antolatu duten bisita gidatuarekin. 11:00tan meza entzun ostean, zaldi proba egongo da Nabarniz jatetxea eta Belaustegiren zaldien artean. 876 kiloko harriarekin neurtuko dira. sari modura 300 euro jasoko ditu bakoitzak eta 50 euro gehiago eramango ditu 65 untzatik gora egitea lortzen duenak.
Proben ostean, umeak txapel jaurtiketan lehiatuko dira, eta nagusiak, ostera, txinga eta abarketan jaurtzea lehiatuko dute bikote mistoetan. 14:30ean herri bazkarian agurtuko dute Kristobal Deunaren jaia. Bazkaria Beti Alai elkartean ospatuko dute, eta 22 euro ordaindu beharko dira bertan bazkaltzeko. Bazkalostean, jaietako zozketako 1.000 euroak zozkatuko dituzte.
Oizko ermitaren inguruan. San Kristobal egunean, eguraldiak lagunduz gero, jende mordoa batzen da Oizko ermita inguruan, eta aurten ere horrela izatea espero da. Eingo taldeak, trikitixen laguntzaz, girotuko du jai eguna. 13:00etan ospatuko da urteroko meza, eta 15:30ean Obieta eta semeen txanda izango da. Gosea eta egarria asetzeko, gainera, taberna egongo dela aurreratu dute antolatzaileek.
EGITARAUAK:
Iturreta (Markina-Xemein)
Domeka, uztailak 10.
10:00. MX3, Iturretako Fronteko bunkerretara bisita gidatua. Iturretako plazatik irtenda.
11:00. Meza eta ibilgailuen bedeinkapena.
12:00. Zaldi probak. Ostean, txapel jaurtiketa umeentzat, sariekin. Txinga eta Abarketa jaurtitzea bikote mistoetan, nagusientzat, sariekin.
14:30. Bazkaria Beti Alai elkartean. 22 euro balio du menuak. Bazkalostean, jaietako 1.000 euroko zozketaren zozketa.
Oiz (Munitibar)
Domeka, uztailak 10.
12:00. Eingo taldeak girotuko du goizeko lehen partea.
13:00. Meza. Ostean, Esteibarri omenaldia.
13:30-15:00. Eingo taldeak jarraituko du eguna girotzen.
15:30. Obieta eta semea trikitilariak.