Beste finalaurreko handi bat espero dute Markina-Xemeingo Unin
Erkiaga-Zabala eta Barandika-Del Rio neurtuko dira oraingoan. 19:00etan hasiko da zapatuko [uztailak 9] jaialdia.
Bosgarren astez jarraian, zesta-puntaren jai handi bat biziko du zapatuan [uztailak 9] Markina-Xemeingo Uni frontoiak. 19:00etatik aurrera jokatuko da Glam Slamaren finalaurrekoa.
Erkiaga-Zabala eta Barandika-Del Rio neurtuko dira. Jon Zabala markina-xemeindarra da finalera iritsi daitekeen herriko bakarra, Arbe, Ibarluzea eta Salegi kanporatuta daude-eta, eta txartel asko ditu. Atzo [uztailak 7] bertan, Goikoetxeagaz bikotean, irabazi egin zuen Donibane Lohizunen jokatu zuen Basque Internationaux Masterreko finalaurrekoa. 15-12, 14-15, 5-1 gainditu zituzten Tambourindeguy eta Basque. Gainera, Erkiagak eta berak ligaxkako bi partidak irabazi dituzte Markina-Xemeinen (2-1 Olharan-Etchetoren aurka, 2-0 Arbe-Ibarluzearen aurka).
Barandika eta Del Rio presio gutxiagorekin arituko dira. Ez dira faboritoak, baina Gernikako aurrelariak Donostiako Grand Slama irabazi zuen Etchetorekin, eta udako bigarren txapelketa dauka begimugan. Del Rio ere sasoi betean dago eta eskuin oso indartsua dauka. Hala ere, indarra izateaz gain, pilota ondo arrimatu beharko du Erkiagak airerik edo bote-korriturik ez sartzeko.
Jaialdia irekiko duen Elite Torneoko partida ere oso interesgarria izango da. Bi bikote gazte neurtuko dira. Alde batetik, Alex Goitia eta Danel Mandiola Markina-Xemeingo ordezkariak (24 urtez azpiko txapeldunak Tolucan, Mexikon), eta bestetik Mutrikuko EƱaut Urreisti eta Mikel Manzisidor. Partida hau irabazten duenak finala jokatuko du Aaron eta Ibarluzearen aurka Karmen Egunean. Markina-Xemeingoek etxean jokatzen dute, baina mutrikuarrak oso bikote ona dira.
Sarrera handia espero da Unin; bosgarrena jarraian. Sarrerak salgai daude oraindik.